Mundua -

Parlamentua

Ukrainak Europar Batasunean sartzeko akordioa berretsi du

Europako Parlamentuak ere horixe egin du, aldi berean. Bestalde, Luhanski eta Donetski hiru urterako autogobernua ematea onartu dute Kieven.

Soldadu ukrainarrak. Argazkia: Efe
Soldadu ukrainarrak.
Soldadu ukrainarrak. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Parlamentuak berretsi egin du Europar Batasunean (EB) sartzeko akordioa, eta azaroan indarrean sartuko bada ere, ez du eraginik izango 2016 arte.

450 diputatuetako 351k onartu dute ebazpena, Petro Poroshenko Ukrainako presidenteak, besteak beste.

Ukrainak, EBk eta Errusiak ituna egin zuten aurreko ostiralean akordioak eragina 2016tik aurrera izan zezan. Izan ere, merkataritza librerako eremu bat sortzea aurreikusi dute, eta Moskuk bere merkatua babesteko neurriekin mehatxu egin zuen.

Europako Parlamentuaren onarpena

Era berean, Europako Parlamentuak ere onartu du aipatu akordioa, 535 aldeko botorekin, 127 kontra eta 35 abstentzio.

Europako Parlamentuko eta Kieveko bozketak aldi berean egin dituzte, eta bideoz ikusi ahal izan dute ukrainarren bozketa Europako Parlamentuan.

Autogobernua Donetskentzat eta Luhanskentzat

Bestalde, Ukrainako Parlamentuak lege-proiektua onartu berri du Donetsk eta Luhansk matxino errusiazaleen esku dauden lurraldeei hiru urterako autogobernua emateko.

Behin behineko autogobernu legearen alde agertu dira 450 diputatuetako 277, eta neurriak bi eskualdeetan herenari soilik eragingo dio, Errusiarekin muga egiten duen eremuari.

Autonomia horri esker, hauteskundeak egin ahal izango dituzte abenduareN 7an, Kievekin negoziatzeko ordezkariak aukeratzeko.

Gainera, errusiera erabiltzeko askatasun osoa izango dute bertako herritarrek, baita hezkuntzan ere. Izan ere, matxinoen aldarrikapen nagusietako bat zen hori.

Bestalde, 287 diputaturen babesarekin, amnistia onartu dute krimena larriak egin ez dituzten matxino errusiarrentzat, Malaysian Airlinesen hegaldia behera botatzen lagundu ez zutenentzat eta nazioarteko ikerketa oztopatu ez zutenentzat.

Baldintza gisa, matxinoek armak utzi, bahituak askatu eta administrazioaren eraikinak utzi beharko dituzte hilabeteren buruan.

Erreakzioa

Separatisten erreakzioa berehala iritsi da, eta Alexandr Zajarchenko Donetseko herri errepublikaren buruak esan du ekimena babestuko dutela, horrekin independentzia lortzen badute.

"Horrela gure independentziaren alde bozkatu badute, txalotu besterik ezin dugu egin", adierazi du Zajarchenkok Interfax albiste-agentziaren arabera.

Errusiako matxinoek independentzia eta bi eskualdeen kontrol osoa aldarrikatzen dute. Horretarako, Ukrainako soldaduek alde egitea eta Errusiarekin harreman ekonomikoak eduki ahal izatea eskatzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Batasun europarra Ukraina albisteak Errusia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa