Mundua -
Palestina
Al Fatahko kideen kontrako erasoak egin dituzte Gazan
Leherketa txikiak izan dira hainbat buruzagi politikoren etxeetan, baina kalteak txikiak izan dira, eta ez da inor zauritu. Arafaten heriotzaren urteurrena baino lau egun lehenago izan dira erasoak.
Erredakzioa
Al Fatahko arduradun batzuen etxeen eta autoen kontrako erasoak egin dituzte gaur Gazako Eremuan. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen alderdiko kideen kontrako erasoek, hala ere, kalte txikiak eragin dituzte, eta ez da inor zauritu.
Yasir Arafat Al Fatahren buruzagiaren eta Palestinako presidente ohiaren heriotzaren hamargarren urteurrena baino lau egun lehenago izan dira erasoak, eta ohikoa da Hamasekin dagoen tentsioak gora egitea garai honetan.
Abdala Abu Samhadana Al Fatahren ordezkariak jakinarazi duenez, ordea, azaroaren 11ko oroimen ekitaldiek bere horretan jarraituko dute erasoak gorabehera, eta lehergailuetako batek ekitaldi bat hartu behar zuen eskenatokia jo duen arren.
Ez dago argi nork egin dituen erasoak; izan ere, horietako batean Estatu Islamikoaren sinadura agertu da, baina Al Fatahk ez dio sinesgarritasunik eman, eta benetako erasotzaileen nortasuna ezkutatzeko amarrua izan dela uste du.