Mundua -

Sarraskia

Gutxienez 81 pertsona hil dituzte atentatu batean, Nigerian

Hiru leherketa izan dira Kanoko meskitan. Aurreneko leherketa meskitatik at gertatu da, eta jarraian beste bi eztanda handi jazo dira.

Atentatua Nigerian. Argazkia: EiTB
Atentatua Nigerian. Argazkia: EiTB
Atentatua Nigerian. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 81 hil dira atentatu batean, Kano hirian (Nigeria). Hiru leherketa hiriko meskita nagusian gertatu dira, emirraren jauregitik hurbil. Gainera, beste 150 lagun zauritu dira.

Alhaji Sanusi Lamido Sanusi emirra Nigeriako pertsona ospetsuenetarikoa da eta Mekan, Saudi Arabian, zegoen erasoa gertatu denean.

Musulman ugari otoitzerako prestatzen ari ziren unean lehergailua zartarazi dute. Fededunek babes bila ihes egin dute, lekukoek kazetariei azaldu dietenez.

Sani Zahradeen meskitako imanak sermoia botatzen hasi baino lehen gertatu da leherketa.

Hiru leherketa

Orduan, hiru leherketa izan dira tenpluan. Lehergailuetatik ihes egitea lortu duten fededunak tirokatu dituzte gizon armatuek.

Aurreneko leherketa meskitatik at gertatu da, eta jarraian beste bi eztanda handi jazo dira, lekukoek Nigeriako Larrialdi Zerbitzuari (NEMA) azaldu diotenez.

Erasoen ostean ehunka gaztek, haserre, kaleak hartu eta protesta egin dute. Istiluetan Gobernuaren instalazioak txikitu dituzte. Poliziak protestak desegin ditu.

Erasoa oraindik ez du inork aldarrikatu, baina Boko Haramek bere gain hartuko duela ematen du; izan ere, aurretik ere Kanon erasoak egin dituzte.

Aste honetan ia egunero eraso egin du Boko Haramek. Azkena atzo bertan, gutxienez 35 pertsona hil zituen lehergailu batek errepide batean, Adamawa estatuan (Nigeriako ipar-ekialdean).

Gainera, Kanon beste sei pertsona hil zituzten orain dela gutxi eraso suizida batean. Gasolindegi baten aurkako ekintza izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea