Mundua -
Aire-istripua
AirAsiako hegazkinaren lau zati handi aurkitu dituzte Javako itsasoan
Airbus A320-200 hegazkina igandean desagertu zen, 162 bidaiari zeramatzala. Orain arte, 30 lagunen hilotzak berreskuratu dituzte.
Erredakzioa
Fransiskus Bambang Indonesiako Bilaketarako eta Erreskaterako agentziaren zuzendariak larunbat honetan iragarri duenez, igandean desagertutako AirAsia konpainiaren hegazkinaren lau zati handi aurkitu dituzte Javako itsasoan.
Bambangek prentsaurrean adierazi du QZ8501 hegaldiarenak izan daitezkeen objektuak ur azpian daudela eta agentzia argazkiak eskuratzen ari dela, kontrolpeko urpekarien bitartez.
Eguraldi txarra dela eta, oso zaila izaten ari dira erreskate lanak. Olatuengatik, oso zaila omen da urpekarien ibilbidea zehaztea eta erreskate lanak hegaldiaren biktimak aurkitzen saiatzen ari dira. Momentuz AirAsiako hegaldiaren 30 biktima aurkitu dituzte. Igandean erauntsi zen hegazkina Surabayatik Singapurrera zihoanean, 162 bidaiarirekin.
Momentuz hegazkinaren pieza txikiak baino ez dituzte aurkitu, baina 'kutxa beltzen' arrastorik ez dute aurkitu. Ordura arte, ez dute jakingo zer gertatu zen: erradarrekin kontaktua galdu zuten eguraldi txarra dela eta ibilbide aldaketa eskatu zuenean. "'Kutxa beltza' aurkitu ostean txosten bat egingo dugu, hilabeteko epean", adierazi du Toos Sanitoso Garraioen Segurtasunerako Batzordeko arduradunak. "Oraindik ez dakigu zerk sortu zuen istripua", esan du.
Ez zuen baimenik
Bere aldetik, Indonesiako Garraio ministerioak AirAsiako Surabaya eta Singapuren arteko hegaldiak bertan behera gelditu direla jakinrazi du. Izan ere, QZ8501 hegaldiak ibilbide hori astean lau aldiz egiteko baimena baino ez zuen, eta egun horietako bat ez zen igandea (istripua gertatu zenean).
Hadui Mustofa ministerioko bozeramaileak adierazi du agian gidariak ez zuela txosten meteorologiko bat eskatu haizea hartu zuen unean, hegaldi guztietan egin behar den legez. Malaisiako AirAsia konpainiak ez du horren inguruko iruzkinik egin nahi izan, baina enpresaren nahia agintariekin batera lan egitea dela, zer gertatu den argitzeko.