Mundua -
Pakistan
Malalaren erasotzaileak auzitegi militar batean epaituko dituzte
Neurri horrekin, bizkortu eging dute duela lau hilabete atxilotutako talibanen aurkako prozesu judiziala.
Erredakzioa
Malala Yousafzai umeen hezkuntzaren aldeko ekintzaile eta Bakearen Nobel saridunaren aurka atentatua egin zuten talibanak auzitegi militar batean epaituko dituzte, Pakistanen. Hain zuzen ere, Peshawar hiriko auzitegi batera bideratuko dute auzia.
Horrela, susmagarrien aurkako prozesu judiziala azkartu egingo dute.
Abenduan, 151 pertsona hil zituzten Peshawarren, atentatu batean, eta, horren ostean, Pakistango Behe Ganberak auzitegi militar bereziak sortzea onartu zuen, terrorismo auziak epaitzeko.
Armadak 10 taliban atxilotu zituen duela lau hilabete, 2012ko urriaren 9an Malalaren aurka egindako atentatuan parte hartu izana egotzita.
Egun horretan, neskatoa etxera bueltan zegoen, eskolan azterketa batzuk egin ondoren, eta zihoan ibilgailuari eraso egin zioten.
Malalak bizirautea lortu zuen, baina hainbat ebakuntza egin behar izan dizkiote harrezkero, eta gaur aztarna larriak ditu oraindik.