Gizartea -

Bakearen Nobel saria

Umeen eskubideak defendatzeko bat egin dute Malalak eta Satyarthik

“Indiar batek eta pakistandar batek elkarrekin” lan egin dezaketela munduari erakusteagatik pozik agertu da Malala. Satyarthik Malala goraipatu du eta “alaba” deitu dio.

Malala Yousafzai pakistandarra eta Kailash Satyarthi indiarra. EFE
Malala Yousafzai pakistandarra eta Kailash Satyarthi indiarra. EFE
Indiako Kailash Satyarthi eta Pakistango Malala Yasoufzai sarituak

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Malala Yousafzai pakistandarrak eta Kailash Satyarthi indiarrak jaso dute Bakearen Nobel saria, Osloko (Norvegia) Udaletxean egin den ekitaldi batean. Haurren esplotazioaren aurka eta umeen eskubideak defendatzeko mobilizazioa eskatu dute bi sarituek.

Umeen eskubideen alde egindako borrokagatik saritu ditu Norvegiako Nobel Batzordeak.

“Zergatik herrialde boteretsuek gerrak sortzeko erraztasuna dute, baina bakea lortzeko orduan ahulezia azaltzen dute? Zergatik armak ematea erraza da, baina liburuak hain zaila?”, galdetu du Malalak.

“Isiltasunaren” eta “pasibotasunaren” kultura kritikatu du Styarthik. Bestalde, “gupida transformatzailea” globalizatzea defendatu du, umeen esplotazioaren eta pobreziaren kontrako martxa bat mundu mailan bultzatzeko.

Erlijio eta kultura tolerantziaren aldeko mezua bota dute sarituek. Pakistanek eta Indiak hamarkadak eman dituzte gatazka politikoetan murgilduta, eta sarituek euren burua eredutzat jarri dute elkarbizitza posible dela esateko.

Horrela, “indiar batek eta pakistandar batek bakean umeen eskubideen alde elkarrekin” lan egin dezaketela munduari erakusteagatik pozik azaldu da Malala. Satyarthik Malala goraipatu du eta “alaba” deitu dio. Gainera, Jaungoikoaren, Ghandiren eta Koranaren hitzak erabili ditu eta mantra hindu bat ozen irakurri du Satyarthik.

“Emakume gazte bat eta gizonezko helduago bat, bat Pakistanekoa eta bestea Indiakoa, bata musulmana eta bestea hindua; munduak behar duenaren ikurra dira: batasun handiagoa. Nazioen arteko anaitasuna!” adierazi du Thorbjørn Jagland Nobel Batzordeko buruzagiak zeremoniaren hasieran.

Malala neskatoen hezkuntzarako eskubidearen aldeko ikur nagusia da, eta talibanek tirokatu egin zuten 2012. urtean. Erresuma Batuan bizi da ordutik. 17 urte ditu, eta, horrenbestez, Bakearen Nobel saridun gazteena da.

Satyarthi (60 urtekoa) umeen lan-esplotazioaren aurkako ekintzailea da. Haurren eskubideen aldeko hainbat itun sustatu ditu.

Nobel saria gazte mexikarra efe

Nobel saria gazte mexikarra efe

Argazkia: EFE

Gazte batek Mexikoko bandera batekin ekitaldia eten du

Malala eta Satyarthi dominarekin eta diplomarekin oholtza gainean zeudenean, gazte bat beraiengana hurbildu da Mexikoko bandera batekin. TV2 Norvegiako telebistaren arabera, Mexiko ez “ahazteko” eskatu dio gazteak Pakistaneko nerabeari.

Norvegiako Poliziaren hitzetan, Gizona Mexikoko ikasle bat da. Gazteak egiaztagiririk gabe aretoan sartzea lortu du, nahiz eta segurtasun neurri handiak izan. Segundo batzuk geroago segurtasun agenteek gizona atxiki eta atxilotu dute.

Gainerako sariak

Gainerako Nobel sariak (Medikuntza, Fisika, Kimika, Literatura eta Ekonomia alorretakoak) Stockholmen eman ditu Suediako erregeak.

Zientziaren arloko Nobel sariak LED argien asmatzaileak, 'burmuineko GPSaren' aurkikuntza eta nanoskopiaren fundatzaileak, saritu ditu aurten.

Saridun bakarra izan duten golardoak Ekonomiarena eta Literaturarena izan dira. Bi frantziar saritu dituzte: Jean Tirole ekonomialaria eta Patrick Modiano idazlea.

Nobel sariak abenduaren 10ean eman ohi dituzte, Alfred Nobel asmatzailea hil zen eguna baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nobel sariak albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa India bideoak Norvegia Umeak azken ordukoa Giza eskubideak gaur Pakistan azken ordukoa