Mundua -
Ukrainako gatazka
Merkelek, Hollandek eta Putinek bilera 'konstruktiboa' egin dute
Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak jakinarazi duenez, gatazka konpontzeko agiri bat adosteko elkarrizketek jarraituko dute eta igandean telefonoz hitz egingo dute hiru buruzagiek eta Kievek.
Erredakzioa
Ukrainan bakea lortzeko Vladimir Putin Errusiako presidentearekin negoziazio “konstruktiboak eta mamitsuak” amaitu eta gero Kremlinetik alde egin dute gauean Francois Hollande Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak.
Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak jakinarazi duenez, gatazka konpontzeko agiri bat adosteko elkarrizketek jarraituko dute eta igandean telefonoz hitz egingo dute hiru buruzagiek eta Kievek.
“Agiri bateratu bat prestatzeko lanean ari dira une honetan, 2014ko iraileko bake akordioak (Minsk) aplikatzeko”, esan du.
“Dokumentuak Petro Poroxenko Ukrainako presidentearen eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen proposamenak barneratuko ditu”, Peskovek azaldu duenez.
Ondoren, gatazkako aldeek dokumentua onartu beharko dute, adierazi du Kievi eta matxino errusiazaleei erreferentzia eginez.
François Hollande Frantziako presidentea Moskun. Argazkia: EFE
Ukrainako ekialdean bizi duten gatazkari “irtenbide baketsu bat” bilatzeko Moskura heldu dira tiral honetan Merkel eta Hollande. Bi buruzagiek Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bilera egin dute Errusiako hiriburuan.
Hollande eta Merkel Petro Poroxenko Ukrainako presidentearekin bildu ziren ostegunean. Bilerak bost orduko iraupena izan zuen eta “Donetsk eta Luganskeko gatazkari konponbide baketsu” bat bilatzea beharrezkoa zela adostu zuten hirurek.
Gatazkari amaiera emateko alde guztientzat “onargarria” izan daitekeen dokumentu bat prestatu dute Merkelek eta berak, Hollandek bilera baino lehen jakitera eman duenez. Antza denez, Normandian erabilitako elkarrizketa eredua planteatzen du agiriak.
Helburua akordio orokor bat lortzea zela azpimarratu du Frantziako estatuburuak, baina su-etena lehen pauso bat izango litzatekeela erantsi du. Bestalde, su-eten bat lortzea zail ikusten du Merkelek. Horretarako “elkarrizketa gehiago behar” izango dutela ohartarazi du Alemaniako kantzilerrak.