Mundua -
Bilera egingo dute gaur
Ukrainako krisia konpontzea, Obama eta Merkelen helburu nagusia
Obama eta Merkel Etxe Zuriko bulego obalean bilduko dira, eta elkarrekin bazkalduko dute, AEBko Gobernuak jakitera eman duenez.
Erredakzioa
Barack Obama AEBko presidenteak Angela Merkel Alemaniako kantzilerra hartuko du gaur Etxe Zurian. Besteak beste, Ukrainako krisiaz arituko dira.
Obama eta Merkel Etxe Zuriko bulego obalean bilduko dira, eta elkarrekin bazkalduko dute, AEBko Gobernuak jakitera eman duenez.
Bien bitartean, Alemaniako Gobernuak atzo iragarritakoaren arabera, asteazkenean goi-bilera egingo dute Minsken (Bielorrusia), Ukraina ekialdean bakea lortzen saiatzeko. Goi-bilera horretan, Errusiak, Ukrainak, Alemaniak eta Frantziak hartuko dute parte.
Moskurekin akordioa lotzeko xedez, negoziazioei ekin diete berriro igande honetan. Horren harira, telefono bidezko konferentzia egin dute Angela Merkel kantzillerrak, Frantziako presidente François Hollandek, Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Viktor Poroxenko Ukrainako presidenteak.
Kantzilertzaren esanetan, lau herrialdeak lanean aritu dira "neurri-sorta" prestatzen, Ukraina ekialdeko gatazkari "irtenbide osoa" eman ahal izateko, hain zuzen ere.
Errusiako presidente Vladimir Putinek, ordea, goi-bilera egingo dutela esan du, "ordurako guztion jarrerek bat eginez gero".
Asteazkenera bitartean, Bielorrusiako hiriburuan bilduko dira Minskeko akordioaren sinatzaileak ere; Segurtasunerako eta Lankidetzarako Europako Elkarteko (OSCE) ordezkariak, Errusia, Ukraina eta separatista errusiazaleak, alegia.
Merkelek eta Hollandek abiatutako ahalegin diplomatikoen azken urratsa da asteazkeneko goi-bilera. Joan den astean Poroxenkorekin eta Putinekin bildu ziren Kieven eta Moskun, krisiari irtenbide politikoa bilatzeko.
Alemaniarrak eta estatubatuarrak ez datoz bat Ukrainan gertatzen ari denari eman beharreko erantzunarekin. Pentagonoak Ukrainari armak bidaltzeko duen asmoa ez du begi onez ikusten Berlinek.
Europar Batasuneko atzerri ministroek bilera dute gaur Ukrainako auzia dela-eta Errusiari zigor gehiago jartzea aztertzeko.