Mundua -
Bilera Etxe Zurian
Merkelek ez du bide militarra babestuko Ukrainako gatazkan
Hala ere, gatazka konpontzeko orduan diplomaziak “porrot” egiten baldin badu, “bide guztiak” aztertuko dituztela adierazi du Obamak, baita Kieveko Gobernuari armamentua entregatzea ere.
Erredakzioa
Ukrainako gatazkan konponbide militarra babestuko ez duela adierazi du gaur Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, baina AEBetako Gobernuak Kievi armamentua entregatzea erabakitzen badu ere aliantza “sendo” mantenduko dela ziurtatu du.
“Gatazka honi konponbide militar bat ematea ez dut ikusten”, esan du Merkelek Etxe Zurian, prentsaurreko bateratu batean, Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin bildu eta gero.
Obamak Ukrainako Exekutiboari armak eman ala ez “oraindik ez” duela erabaki gogorarazi du Merkelek. Hala ere, une honetan “garrantzitsuena esfortzu diplomatiko berrian” AEBetako eta Alemaniako gobernuen arteko “batasun sendoa” dela azpimarratu du. Zentzu horretan, Francois Hollande Frantziako presidentearekin batera bultzatzen ari den saiakera diplomatikoa goraipatu du Merkelek.
AEBek “aukera guztiak” aztertuko dituzte
Bestalde, ekialdeko gatazka konpontzeko orduan diplomaziak “porrot” egiten baldin badu, “bide guztiak” aztertuko dituztela adierazi du AEBetako presidenteak, baita Kieveko Gobernuari armamentua entregatzea ere. Hala ere, oraindik erabakirik hartu ez duela erantsi du Obamak.
Oraindik erabaki bat hartu ez duela errepikatu eta horretarako eperik ezarri ez duela nabarmendu du AEBetako buruzagiak. Bere Gobernua “separatisten erasoari aurre egiten laguntzeko” neurri “gehiago” aztertzen ari dela azaldu du Obamak.
Ukrainako matxino errusiazaleek “konpromiso guztiak urratu” dituztela azpimarratu du AEBetako agintariak. Errusiak separatistei laguntzeko “tanke gehiago” bidali dituela salatu du. Hala ere, AEBek irtenbide “diplomatiko” batean konfiantza dutela errepikatu du Obamak.