Mundua -
Brusela
EBk zigor gehiago adostu ditu Ukrainako krisiagatik
Halere, datozen egunotako negoziazio diplomatikoen arabera aplikatuko dituzte. Zigorrek 19 pertsonari eta bederatzi entitateri eragingo die.
Erredakzioa
Europar Batasuneko (EB) Kanpo Arazoetarako ministroek isun berriak adostu dituzte 19 pertsonaren eta bederatzi entitateren kontra, Ukrainako sortaldeko krisiaren erantzuletzat jo baitituzte. Halere, datozen egunotako negoziazio diplomatikoen arabera aplikatzea erabaki dute.
“Zigor honen oinarria mantentzen da”, esan du hedabideen aurrean Laurent Fabius Kanpo Arazoetarako ministro frantziarrak, EBko ministroek Bruselako goi bilera hasi baino lehen. Zigorrak Mariupolen kontra egindako erasoaren ondotik datoz; bertan, 30 lagun hil eta beste 100 zauritu ziren.
“Alabaina, bertan dagoen egoeraren arabera aplikatuko da. Zehatz-mehatz, balantzea egingo dugu astelehenera bitartean, eta orduan erabakiko dugu”, Fabiusek zehaztu duenez, Frantziak eta Alemaniak krisia geldiarazteko ahalegin diplomatikoen harian.
Gainera, azaldu duenez, goi-bilera bukatu eta gero, “Ministerioko idazkari nagusien eta gure zuzendari politikoen arteko bilera” izango da; gainera, bihar Minsken “aholkulari politikoen arteko batzarra egingo dute” eta “asteazkenean, espero dugu Minsken Normandia deitutako formatua ematea”, Frantziako, Alemaniako, Errusiako eta Ukrainako buruen artean.
“Helburua tentsioa baretu eta bakea lortzea da. Ez dakigu ziur zein izango den emaitza, zuhurrak izaten jarraitu behar dugu, baina bide horretatik ari gara”, gaineratu du Fabiusek.
Horrez gain, Frantziako diplomaziako ordezkariaren hitzetan, “bidea egiteko dago”, eta esan du “hainbat gauza” dagola konpontzeke oraindik, esaterako, harreman lerrotik zenbat kilometro utzi arma gabe eta zelan bermatu mugak errespetatzea.