Mundua -

Argentina

Nismanen salaketan Cristina Fernandez inputatzea eskatu du Fiskaltzak

Era berean, Hector Timerman Argentinako kantzilerra eta beste zenbait buruzagi inputatzea eskatu dio Gerardo Pollicita fiskalak Daniel Rafecas epaileari.

Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Cristina Fernandez de Kirchner inputatu dute

0:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Nisman hildako fiskalak aurkeztutako salaketaren auzian Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidentea inputatzea eskatu dio gaur Gerardo Pollicita fiskalak Justiziari. Irango ustezko terroristak estaltzea leporatzen dio fiskalak, Fiskaltzak jakitera eman duenez.

Era berean, Hector Timerman Argentinako kantzilerra eta beste zenbait buruzagi inputatzea eskatu dio Pollicitak Daniel Rafecas epaileari.

Hil baino lau egun lehenago Nisman lankideak aurkeztutako salaketan erabilitako akusazioak oinarritzat hartu ditu fiskalak. Nisman urtarrilaren 18an hil zen lokian tiro batek jota.

AMIA mutualitate juduaren aurkako atentatua ikertzen ari den auzian, erasoaren susmagarri irandarrak estaltzea egotzi zien Nismanek presidenteari, kantzilerrari eta beste zenbait buruzagiri. Erasoan 85 pertsona hil zituzten 1994an.

Delitu-estalketa

?Aurreko gertakariaren larritasun bereziak larriagotu duen estalketa? leporatzen die Pollicitak presidenteari eta kolaboratzaileei, atentatuari erreferentzia eginez, Argentinako Fiskaltzak igorritako agiriaren arabera.

Estalketa akusazioaz gain, Gobernuak ?funtzionario publikoen betebeharra oztopatu? duela uste du Pollicitak.

?Kolpismo judiziala?

Inputatzeko eskaeraren berri izan baino lehen, mota horretako ekimen bat ?kolpismo judizial aktiboko? estrategia batean kokatu beharko litzatekeela salatu du Jorge Capitanich Argentinako Gobernuaren kabinete-buruak.

Salatutako delituak egin zituzten ala ez argitzeko ?ikerketaren hasiera? baino ez dela azpimarratu du fiskalak.

Fernandezen aurkako ikerketa martxan jartzearekin pozik agertu da Argentinako oposizioa.

Bitartean, AMIAren aurkako erasoaren auziko ikerketa berezian Nisman ordezkatuko duen fiskalen taldearen berri eman du gaur Fiskaltza Nagusiak.

Alejandra Gils Carbo prokuradore nagusiak jakitera eman duenez, Sabrina Namer, Roberto Salum eta Patricio Sabadinik Nisman ordezkatuko dute auzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea