Mundua -
Suleyman Sah
Sirian dagoen enklabe bat hustu du Turkiak, jihadistak direla eta
Dinastia otomandarraren ustezko sortzaile Suleyman Shahen sarkofagoa ere eraman dute bertatik. Turkiak egindako "eraso goria" salatu du Siriako Gobernuak.
Erredakzioa
Turkiako Armadako Indarrek Suleyman Saheko enklabea hustu du Siriako iparraldean, terrorismo jihadistaren arriskua handia delako, Turkiako lehen ministro Ahmet Davutogluk jakinarazi duenez. Enklabea Turkiako mugatik 37 kilometrora dago.
Lekua zaintzen zuten soldaduak ebakuatu ditu Ankarako Gobernuak, eta dinastia otomandarraren ustezko sortzaile Suleyman Shahen sarkofagoa ere eraman dute Turkiatik gertu dagoen toki batera, baina Sirian oraindik ere.
Operazioa goizaldean egin dute, Davutogluk azaldu duenez, eta soldadu bat hil da istripu baten ondorioz. Operazioan 573 soldaduk, 39 tankek eta 57 ibilgailu blindatuk parte hartu dute. Operazioa bitan banatu da: batetik, sarkofagoa bertati eramateko, eta bestetik, hilotza hori beste leku batera eraman ahal izateko.
Suleyman Sahen sarkofagoak 1975. urtetik darama leku hartan, Eufrates ibaiaren ertzean, Raqqako hiri siriarraren ipar-mendebaldean. Lurralde horiek Estatu Islamikoaren esku daude.
"Siriako gatazkek arrisku handia dakarte hilobiarentzat, eta baita sarkofagoa zaintzen duten soldadu turkiarrentzat ere", esan du Atzerri Ministerioak gaur zabaldutako ohar baten bidez. Halaber, hilobia mugitzen duten lehen aldia ez dela gogoratu dute.
Suleyman Shah dinastia otomandarraren ustezko sortzailea da, 1236. urtean hil zen, eta horren hilotza Turkiarena da Frantziarekin lotutako hitzarmen baten ondorioz.
Siriako Gobernuak, berriz, Turkiak egindako "eraso goria" salatu du. "Estatu Islamikoaren talde terroristak babesteko beste urrats bat eman du Turkiak", esan du, "eta Siriaren aurkako eraso goria abiatu du".