Mundua -

Ukrainako gatazka

Milizia errusiazaleek armamentu astuna erretiratu dutela iragarri dute

Dena den, Ukrainako Gobernua oso eszeptiko agertu da. Bestalde, miliziano errusiazaleek 373 soldadu ukrainarren hilotzak aurkitu dituzte Donetskeko aireportuan.

Ukraina. Argazkia: EFE
Ukraina. Argazkia: EFE
Ukraina. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miliziano errusiazaleek armamentu astuna erretiratu dutela iragarri dute igande honetan, baina Ukrainako Gobernuak jarrera eszeptikoa agertu du. Izan ere, taldeak berriz elkartzea eta Ukrainako Armadaren kontrako eraso berriak prestatzen aritzea egotzi die errusiazaleei.

"Donetskeko Herri Errepublikako Armadak amaitu du armamentu astunak erretiratzeko prozesua Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundeko behatzaileen aurrean", adierazi du Eduard Basarin milizia errusiazaleen arduradunetako batek kazetarien aurrean.

Guztira, "26 artilleria talde erretiratu dira" eta "gaur erretiratu da azkenekoa".

Basurinek gaineratu duenez, erretiratutako armamentuari eta horien kokaleku berriei buruzko informazio guztia Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundeko behatzaileen esku utzi dute.

Bestalde, Luhanskeko Herri Errepublikako buruak ere antzerako iragarpena egin du gaur: "Armamentu astunaren erretiratze prozesua gauzatu da. Une honetan, horien kokalekuari buruzko xehetasun teknikoak amaitzen ari dira".

Ukrainara bidalitako behatzaileek iragarri dutenez, milizia errusiazaleak zein Ukrainako Armada armamentu astuna erretiratzen hasi dira, baina ez dute baieztatu prozesua gauzatu denik.

Bi aldeek otsailaren 12an Minsken sinatutako akordio horretako bigarren puntua da, hain zuzen ere, armamentu astunaren erretiratzea.

373 soldadu ukrainarren hilotzak aurkitu dituzte Donetskeko aireportuan

Milizia errusiazaleen buruak baieztatu duenez, 373 soldadu ukrainarren gorpuak aurkitu dituzte Donetskeko aireportuan. Aipaturiko gunea borroka gogorren eszenatoki izan da.

"Otsailaren 20az geroztik 373 soldadu ukrainarren gorpuak aurkitu ditugu aireportuan eta, horietatik, 306 Kieveko agintarien esku daude dagoeneko", adierazi du Eduard Basurinek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Ukraina azken orduko Errusia argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra gaur