Mundua -

Pakistanen

Gutxienez 15 lagun hil dira bi elizen aurka izandako erasoetan

Gainera, 75 hildako daude. Jamaat-ul-Ahrar (JuA) talde matxinoak erasoaren autoretza bere gain hartu du, eta atentatuak egiten jarraituko dutela ohartarazi du, "erregimen islamikoa ezarri arte".

Gutxienez 15 lagun hil eta beste 75 zauritu dira. Argazkia: EFE
Gutxienez 15 lagun hil eta beste 75 zauritu dira. Argazkia: EFE
Gutxienez 15 lagun hil eta beste 75 zauritu dira. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 15 lagun hil eta beste 75 zauritu dira igande honetan Lahoreko bi eliza kristauren aurka izandako erasoetan, Pakistango ipar-ekialdean, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.

Youhanabadeko zonaldean jazo dira bi atentatuak, Pakistanen kristau kopururik handiena duen udalerrian, alegia. Lahoreko Ospitale Nagusiko mediku Saeed Sohbinen arabera, 75 lagun gutxienez zauritu dira. Ospitale horretara eraman dituzte biktima gehienak.

Hasierako ikerketek diotenez, bi erasotzaileek zeramatzaten bonbak lehertu dituzte. Hori egin aurretik, lekukoek adierazi dutenez, hainbat gizon armadun tiroka hasi eta elizatara sartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu.

"Elizan ez zegoen segurtasunik, herritarrok sarrera galarazi genien. Etxeko teilatutik gorputz zatiak ikusi nituen, hankak eta besoak airetik. Nire arreba Sadiq Masih elizaren barnean zegoen, baina onik atera da", azaldu du auzokide batek.

Eztanden ostean, hainbat herritarrek osatutako talde batek bi gazte erre ditu, atentatuan parte hartu dutelakoan, zonaldeko polizia-arduradunak adierazi duenez.

Gainera, auzokide-talde batek hiru polizia bahitu ditu, erasoa jazo den unean, Pakistanen eta Irlandaren arteko kriket partida bat ikustera joan direlako.

Erantzuleak

Jamaat-ul-Ahrar (JuA) talde matxinoak erasoaren autoretza bere gain hartu du, eta atentatuak egiten jarraituko duela ohartarazi du, "erregimen islamikoa ezarri arte".

Pakistan estatu islamikoa da, gehienbat sunia, eta ohikoak dira gutxiengo erlijiosoaren aurkako atentatuak. Urtarril amaieran xiita erkidegoaren aurkako erasoa izan zen. Orduan, 58 lagun hil eta 50 bat zauritu ziren.

Aita santuaren gaitzespena

Bestalde, Frantzisko aita santuak atentatuak gaitzetsi ditu, eta "munduak ezkutatu nahi duen" kristauen aurkako jazarpena amaitzeko eskatu du.

"Min handiarekin jaso dut Pakistango atentatuen berria", esan du aita santuak, oso serio, igandeko errezoaren ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Atentatuak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Terrorismoaren Biktimak Asia azken ordukoa Gotzain Biltzarraren albisteak gaur Pakistango Islamiar Errepublika albisteak