Mundua -
Programa nuklearra
Iranekiko negoziazioetan aurrerapausoak izan direla berretsi du Kerryk
Nazioarteak eta Iranek martxoaren amaiera arteko epea dute aurretiazko akordioa lotzeko, Irango programa nuklearrak izaera zibila duela argi gera dezan.
Erredakzioa
John Kerry AEBetako Estatu-idazkariak larunbat honetan Suitzan iragarri duenez, "aurrerapauso nabarmenak" izan dira Iranekiko negoziazioetan, Errepublika Islamiarraren programa nuklearraren harian, eta "helmuga" iristen saiatuko direla esan du, osteguneko bileran aurretiazko ituna lortzeko asmoz.
Kerry Londresera abiatuko da gaur datorren martxoaren 26ko bileraren nondik norakoak Europako bazkideekin zehazteko. Han, negoziazioen "alde gatazkatsuenak" aztertuko dituzte. Kerryk adierazi duenez, "apustuak handiak dira, eta hainbat auzi konplikatuak daude, hori dela eta, funtsezko erabakiak lehenbailehen hartu beharko ditugu".
"Gakoa borondate politikoan eta erabaki zailetan datza. Zentzuz aukeratu beharko dugu datozen egunotan", gaineratu du Kerryk.
Nazioarteak eta Iranek martxoaren amaiera arteko epea dute aurretiazko akordioa lotzeko, Irango programa nuklearrak izaera zibila duela argi gera dezan. Hortik abiatuta, behin betiko akordioa lortzeko jarraituko dute lanean, eta litekeena da itun hori ekainean bertan sinatzea.
Irango erantzuna
Bestalde, Irango presidente Hasan Rohanik adierazi duenez, posible da edozein desadostasunaren inguruan akordiorik lotzea, eta baliteke izan berri diren aurrerapausoek "akordio finalaren oinarriak ezarri izana".
"Edozer gauzari buruz akordioa lor dezakegu", esan du Irango presidenteak, IRNA albiste-agentziak jasotako adierazpenen arabera. "Azken bilera-sortan adostasuna lortu dugu lehen desados geunden hainbat puntutan, eta horrek behin betiko ituna lortzeko oinarriak ezarri dezake", gaineratu du.