Mundua -
HITZALDIA AEB-KO KONGRESUAN
Iranekin akordio batera heldu nahi izatea kritikatu du Netanyahuk
Israelgo lehen ministroak “alternatiba bideragarririk” ez duela eskaini adierazi du Barack Obama AEBko presidenteak.
Erredakzioa
Nazioarteko potentziak Iranekin negoziatzen ari diren akordioaren aurrean “badago alternatibarik”, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak AEBko Kongresuan esandakoaren arabera. Irango “erregimen erradikalak” nazioarteko eta Ekialde Hurbileko segurtasuna mehatxatzen jarraitzen duela ohartarazi du Netanyahuk.
Israelgo lehen ministroak “alternatiba bideragarririk” ez duela eskaini adierazi du Barack Obama AEBko presidenteak. Netanyahu bibaka hartu dute Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuan. Gehiengo errepublikanoak gonbidatuta, hirugarren aldiz hitz egin du Israelgo buruzagiak Kongresuan.
Txaloek hitzaldia 20 aldiz baino gehiagotan eten dute. Iranengana hurbiltzeak dakarren arriskuaz ohartarazi behar dituela azaldu du Israelgo lehen ministroak.
Horren harian, 5+1 taldeko herrialdeak (AEB, Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania) negoziatzen ari diren akordioa gogor kritikatu du Netanyahuk; izan ere, Irani “bonba atomikoa egiteko bidea ez dio ixten”.
Iran “fidatzekoa” ez dela adierazi du Netanyahuk. Nahiz eta akordioa bete, Teheranek hamar urte itxaron beharko ditu bakarrik, bonba atomikoa lortzeko lanari berriz ekiteko, ohartarazi du.
5+1 taldeak eta Iranek aurreakordioa adostu zuten 2013ko azaroan. Zigor batzuk kentzearen truke, programa nuklearraren zati bat izozteko konpromisoa hartu zuen Teheranek. Zenbait atzerapen izan ditu, baina behin betiko akordioa lortzeko epemuga ekainean jarri zuten bi aldeek.
Benjamin Netanyahu, Israelgo lehen ministroa, AEBko Kongresuan. Argazkia: EFE
Polemika
Aldez aurretik Etxe Zuriari kontsultatu gabe Netanyahu gonbidatzeko erabakia hartu zuen John Boehner Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoak, eta horrek polemika piztu du.
Israelen aurki hauteskundeak egingo dituztela eta, Israelgo lehen ministroarekin ez zela bilduko ohartarazi zuen Obama presidenteak. Kongresuko 50 bat kide demokratak bertan ez egotea erabaki dute.
Halere, Washingtonera ez dela helburu “politikoekin” joan esan du Netanyahuk. “Harry Trumanekin hasi eta Barack Obamaren garaietara” Estatu Batuek emandako “babes historikoa” eskertu du Israelgo lehen ministroak, eta “Obama presidenteak egindakoa biziki estimatzen dugu”, erantsi du.
Alternatibarik ez
Netanyahuren hitzaldia erretorikoa eta alternatibarik gabekoa dela esan du AEBko Gobernuak. Irani “amore emateko” eskatzea “ez da egitasmo bat”, AEBko goi-kargudun batek agiri batean azaldu duenez.
“Iranek arma nuklearra lortzea saihestuko dute negoziazioek. Ez dira Iranekin adiskidetzeko negoziazioak”, azpimarratu du.