Mundua -

Germanwings

Bidaiarien 80 DNA lagin inguru identifikatu dituzte forentseek

150 biktimen gorpuzkiak identifikatzeko asmoz, 4.500 DNA lagin eskaini dituzte senideek. Ezbeharra jazo eta 48 ordura, kutxa beltzaren grabazioa zabaldu izana salatu du Sepla pilotuen sindikatuak.

502 bat lagunek osatutako talde batek lanean jarraitzen du istripuaren lekuan. Argazkia: EFE
78 bidaiarien DNA arrastoak isolatu dituzte

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Germanwings hegazkinaren bidaiarien 70-80 DNA lagin inguru identifikatu dituzte forentseek, BFMTV telebista-kateak jakitera eman duenez, Marsellako Fiskaltzaren iturriak aipatuta. Bartzelona-Dusseldorf ibilbidea egiten ari zen hegazkinak behea jo zuen joan den asteartean Frantziako Alpeetan.

50 bat poliziak eta erreskate-taldeko kideak lanean ari dira ezbeharraren lekuan 150 biktimen gorpuzkiak erreskatatu nahian. Kutxa beltza bat jada aurkitu eta aztertu dute, baina bigarrenak desagertuta jarraitzen du.

Gorpuzkien identifikazioan laguntzeko, familien senitartekoek eskainitako 4.500 DNA laginez baliatzen ari da ikerkuntza-taldea, eta Brice Robin Marsellako fiskalak aitortu duenez, horri probetxua ateratzen ari dira.

Hegazkinaren zati handiak ateratzeko mendi-bidea irekiko dute bihar istripuaren zonaldean 50 bat lagunek.

Seplaren kritikak

Bestalde, Sepla Espainiako pilotuen sindikatuak ohartarazi duenez, ezbeharraren arrazoiak ezin dira "ziurtasunez" argitu 10 minutuko soinu-grabazio baten bitartez. Seplaren iritzian, bigarren kutxa beltzak "istripuaren nondik norakoak" argituko ditu "ziurtasun osoz".

Horren harian, Rafael Teijo Gundin Seplako segurtasun saileko bozeramailearen ustez, "oso larria da" kutxa beltzaren grabazioa zabaldu izana "istripua jazo eta 48 ordura". "Agintariek ulertu behar dute oso garrantzitsua dela ikerketa amaitu arte grabazioen konfidentzialtasuna gordetzea", adierazi du Teijok.

germanwings familiares familia EFEKolpeka kabinaren kontra

Kutxa beltzean grabatutako hainbat esaldi jaso ditu 'Bild' kazetak. Grabazioaren une batean Patrick Sondheimer kapitainaren oihuak entzuten dira: "Jainkoaren izenean, zabal ezazu atea. Zabal ezazu ate madarikatu hau!".

Grabazioaren arabera, 10:35ean kolpe handiak entzun ziren, gailu metal batek eragindakoak. Izan ere, dirudienez, kapitainak aizkora bat hartu eta atearen aurka kolpeka hasi zuen.

Grabazioetan jasotakoaren arabera, 11 minutu igaro ziren kapitainak kabina utzi zuenetik hegazkina Alpeetan erori zen arte.

Bestalde, 'Bild' kazetak zabaldu duenez, Andreas Lubitz kopilotua hegan egiteko baimena galtzearen beldur zen, antza, erretina-askatzea pairatzen baitzuen. Hala ere, ez dago argi gaixotasun horren jatorria: estresak eragindakoa (psikologikoa) ala fisikoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hegazkin istripuak albisteak