Mundua -
Sirian
Jarmuk kanpamentuan 'hondamendi egoera' dutela esan du NBEk
Liskar handiak izaten ari dira azken egunetan kanpamentuaren kontrola bereganatu nahi duen Estatu Islamikoaren eta horri aurka egiten dioten talde palestinarren artean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sirian, Jarmuk iheslarientzako eremuan, “hondamendi egoera” dutela-eta, laguntza eskatu du Nazio Batuen Erakundeak.
Liskar handiak izaten ari dira azken egunetan kanpamentuaren kontrola bereganatu nahi duen Estatu Islamikoaren eta horri aurka egiten dioten talde palestinarren artean.
Oraindik kanpamentuan geratzen diren 18.000 iheslari palestinarrek ez dutela zer jan eta zer edan ohartarazi dute giza laguntzarako erakundeek.
Hortaz, giza laguntza helarazteko modua zabaltzeko eskatu du Nazio Batuen Erakundeak, eta Jarmuk iheslarientzako gunean bizi diren 18.000 palestinarren egoera oso txarra dela ohartarazi du.
Apirilaren 1ean sartu zen Estatu islamikoa Damaskoko iheslarientzako kanpamentu horretan, eta ordutik hona horren % 90 kontrolpean izan dutela esan dute zenbait iturrik. Horien indarra murrizteko, Siriako Gobernuak aireko erasoak egin ditu goizaldean.