Mundua -
Eguneko lerroburuak
Apirilaren 20ko lerroburuak
Astelehenari ekin baino lehen ezagutu beharreko albisteak.
E. GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Tragedia Mediterraneoan
Ehunka pertsona hil behar izan dira Europar Batasunak gaia mahai gainean jartzeko. Atzerri ministroak Mediterraneoan izan den hondoratze larrienaren inguruan mintzatuko dira gaur Luxenburgon. Tragedia larunbat gauerdian gertatu zen, Libia eta Sizilia artean, Libiatik zetorren eta 950 lagun zeramatzan arrantzontzi bat hondoratu zenean. 24 hilotz erreskatatu eta 28 lagun atera dituzte onik. Italiak premiazko laguntza ematea eta Europako Kontseiluaren bilera egitea eskatu du. 2015a hasi denetik, 1.500 lagun hil dira Mediterraneoko uretan (azken hondoratze honetako biktimak zenbatu gabe).
Europak auziari lehenbailehen konponbidea emateko idatzia sinatuko dute gaur Alemaniak, Italiak, Frantziak eta Eslovakiak. Frantzisko aita santuak, bestalde, irmotasuna eskatu du, eta Hollande Frantziako presidenteak gizaki trafikatzaileen kontra gogor egiteko galdegin du.
Rodrigo Rato, jomugan
Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Rodrigo Rato Espainiako presidenteorde ohiaren ondasunak ikertzeko egindako eskaera aztertuko du gaurtik aurrera Consuelo Madrigal fiskalburuak. Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari gerente izandakoari iruzurra, dirua zuritzea eta ondasunak ezkutatzea leporatu diote. Kongresuak ere datozen egunetan eztabaidatuko du Rato auzia: Zerga Administrazioko Estatu Agentziako zuzendaria Ogasun Batzordean mintzatuko da, eta PSOEk Mariano Rajoy presidentearen azalpenak eskatuko ditu.
Aste erabakigarria Osakidetzan
Apirilaren 23 eta 24rako 48 orduko greba dago deituta Osakidetzan. Horren atarian, Mahai Sektorialak bilera dauka gaur. Sindikatuek salatu dutenez, mobilizazioa geldiarazteko saiakera baino ez da.
Osakidetzaren Zuzendaritzak hainbat proposamen eramango ditu bertara: lan-eskaintza publikorako oinarriak negoziatzea, aldi baterako kontratazioa eta ordezkapenak adostea eta ibilbide profesionala indarberritzea. Dena dela, argi utzi du ez dela soldatak igotzeko edo lan-astea 35 ordura jaisteko unea. SATSE, ELA, LAB, Medikuen Sindikatuak, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek ez dute itxaropen handirik, eta mobilizazioa bertan behera uzteko saiakera baino ez dela uste dute.
Arizmendiarretari omenaldia
Jose Maria Arizmendiarrieta euskal kooperatibismoaren sustatzaileetako bati omenaldia egin zioten atzo jaioterrian, Markinan (Bizkaia), hura jaio zela 100 urte bete direla eta. Haren izena duen lagun taldeak kanonizazioa bultzatzeko ekimena jarri du. Mondragon Taldeko presidenteak ekitaldian esan zuenez, bizkaitarrak kooperatibismoaren alde egindakoak eredua ezarri zuen. Asteon beste ekitaldi batzuk egingo dituzte haren omenez.
30 lagun zelan hiltzen dituen erakutsi du EIk
30 pertsonaren heriotza erakusten duen bideoa zabaldu zuen atzo Estatu Islamikoak. Antza denez, hilketa Libian egin du, eta hildakoak kristau etiopiarrak dira. Erdiak tiroz hil omen dituzte; beste erdiak, berriz, lepoa moztuta. Dena den, oraindik ez dute ziurtatu bideoa egiazkoa denik. Aipaturiko bideoan "gurutzatuak" izatea leporatzen diete kristauei, eta horien helburua musulmanak hiltzea dela esaten dute.