Mundua -

Hilabete, tragediatik

Istripua izandako hegaldiaren simulazioa egingo dute maiatzean

Orain hilabete istripua izan zuen hegazkinaren azken 25 orduetan jasotako parametro teknikoak aztertuko dituzte: abiatura, altitudea edota gidatze modua.

Erreskate taldeak, istripuaren lekuan. EFE.
Erreskate taldeak, istripuaren lekuan. EFE.
Erreskate taldeak, istripuaren lekuan. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Germanwingsen 4U9525 hegaldiaren simulazioa egingo dute maiatzean Frantziako Alpeetan, ikerketan aurrera egiteko eta hegaldiaren azken parametroak berreskuratzeko.

Bartzelona-Düsserdorf hegaldia egin behar zuen hegazkinaren ezbeharra orain hilabete gertatu zen. 150 lagun hil ziren (144 bidaiari eta eskifaiako sei langile), horien artean Espainiar Estatuko 50 herritar.  Erresuma Batuko, Alemaniako, Mexikoko, Japoniako edota Argentinako bidaiariak ere bazeramatzan Germanwingseko hegazkinak.

Alexander Dobrindt Alemaniako Garraio ministroak agerraldia egin zuen atzo Parlamentuan, Carsten Spohr Lufthansako presidentearekin batera. Agerraldia ateak itxita egin zuten.

Behin-behineko txostena

Garraio ministroaren hitzetan, denbora behar da ezbeharraren inguruko ikerketa amaitzeko, baina, ekainearen hasieran, behin-behineko txostena argitaratzea aurreikusten du.

Hala ere, aurreneko datuen arabera, Andreas Lubitz kopilotuak nahita eragindako ezbeharra izan zen.

Bestalde, Luthansako presidenteak azaldu du 60 patologo ari direla biktimak identifikatzeko lanetan.

Enpresaren “lehentasuna” biktimen senideak artatzea dela adierazi du Spohrek. “Salbuespen egoeran izan gara azken lau asteetan”, erantsi du.

Biktimen senideei kalte-ordainak helarazteko xedearekin, Allianz Globalek 300 milioi dolar gorde ditu. Hala ere, auziak banan-banan aztertuko ditu aseguru-enpresa horrek.

Pilotukidea, susmagarri nagusia

Bestalde, Brice Robin Marsellako fiskalak Andreas Lubitz erruduntzat jo du. Hegazkina nahita amildu zuela adierazi du.

Bere egunean Fiskaltzak azaldu zuenez, Andreas Lubitzek “depresio larri” bat gainditu zuen 2009. urtean, eta hala jakinarazio zion Lufthansako hegaldi eskolari. Bere prestakuntza zenbait hilabetetan eten behar izan zuen Lubitzek.

Barne ikerketak egin eta Düsseldorfeko Fiskaltzari Lubitzen hezkuntzari eta historia medikoari buruzko dokumentu gehiago igorri ostean eman zuen horren berri gaur Alemaniako airelineak..

Zenbait hilabeteko geldialdi horren ostean, hegan egiteko ziurtagiria eman zioten medikuek Lubitzi, airelineak azpimarratu zuenez.

Gazteak prestakuntzari berriz heldu zionean, hegaldi eskolak eta Lubitzek posta elektronikoz elkarri bidalitako mezuak igorri dizkio Lufthansak Alemaniako Fiskaltzari.

Depresio larria gainditu zuela egiaztatzeko agiri medikoak bidali zizkion kopilotuak eskolari, Lufthansaren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea