Mundua -
Hauteskundeak Turkian
AKPk irabazi ditu bozkak eta kurduek ordezkaritza lortu dute
Recep Tayyip Erdogan egungo presidentearen alderdiak hauteskundeak irabazi ditu, baina gehiengo absolutua galdu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AKP Justizia eta Garapena Alderdiak irabazi ditu igande honetan Turkian egin diren hauteskundeak, botoen % 40,8 eskuratuta, baina Recep Tayyip Erdogan egungo presidentearen alderdiak gehiengo absolutua galdu du. Bestalde, HDP alderdi kurduak botoen % 10 baino gehiago eskuratu ditu eta Turkiako Parlamentuan izango da lehenengoz.
Hauteskundeak irabazi baditu ere, AKP alderdiak gehiengo absolutua eta 71 diputatu galdu ditu.
AKP izan da alderdi bozkatuena, botoen % 40,8 lortuta, CHP Herritar Errepublikanoen Alderdi sozialdemokrataren (% 25,1) eta MHP Ekintza Nazionalista Alderdiaren (% 16,4) aurretik. Halaber, HDP alderdiak Parlamentuan sartzeko beharrezkoa den % 10eko langa gainditu du (% 12,9), eta Parlamentuan izango da lehen aldiz.
Horrenbestez, AKPk 255 eserleku izango ditu Ankarako Parlamentuan (326 zituen orain arte), CHPk 133 ordezkari (2011n baino bi gutxiago), MHPk 82 diputatu (2011n 53 lortu zituen) eta HDP alderdiak, azkenik, 80 (2011n 36 diputatu independente).
Parte-hartzeari dagokionez, botoa ematera deituta zeuden herritarren % 86k eman dute botoa.
Emaitza horiekin, Erdoganek ez du Konstituzioan aldaketak egiteko nahikoa babes izango; izan ere, presidente karguari botere gehiago emateko gehiengo absolutua lortu nahi zuen egungo presidenteak.
AKP alderdiko ordezkari batek Reuters albiste-agentziari aitortu dionez, emaitza horiekin litekeena da gutxiengo gobernu bat osatu behar izatea, eta ez du baztertu du hauteskundeak aurreratzea.
Guztira, 54 milioi herritarrek zuten gaur Turkian botoa emateko eskubidea Parlamentua berritzeko, eta 14:00etan itxi dituzte hauteslekuak.
Gorabehera isolatuak
Lehen orduetan, ez da aparteko jazoerarik izan, baina Turkiako hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, bikote bat tirokatu dute Istanbulen, hauteslekutik irtendakoan.
Sabah kazetak jaso duenez, Cetin Oguz koronel erretirodunak eta Asuman Oguz emazteak osatutako bikotea tirokatu dute motor batean zihoazen bi erasotzailek. Ospitalera eraman dituzte bi biktimak. Dirudienez, muturreko talde ezkertiar batek mehatxatu zuen koronela.
Bestalde, 15 pertsona zauritu dira Sanliurfa probintzian, Turkia hego-ekialdean, bi alderdietako jarraitzaileen artean izandako borrokaldi batean.