Itxi

Mundua

Greziako krisia

Varufakisen sei argudioak erreferendumean ezetz bozkatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Greziako Finantza ministroak nazioarteko hartzekodunen azken proposamenaren aurka egitea eskatu die herritarrei.

  • Yanis Varufakis Greziako Finantza ministroa. EFE

    Yanis Varufakis Greziako Finantza ministroa. EFE

Yanis Varufakis Greziako Finantza ministroak igandeko erreferendumean nazioarteko hartzekodunen azken proposamenari ezetza emateko eskatu die herritarrei, eta ezezkoaren aldeko sei argudio laburbildu ditu bere blog pertsonalean idatzitako post batean. Hauek dira:

1. "Hartzekodunek gure zor ordainezina murrizteari uko egin diotelako eta gure gizarteko ahulenek, gure seme-alabek eta bilobek oso-osorik ordaindu behar dutela berretsi dutelako blokeatu dira negoziazioak".

2. "Nazioarteko Diru Funtsak, AEBko Gobernuak, nazioarteko beste hainbat gobernuk eta ekonomialari independenteek uste dute (guk bezala) zorra berregituratu egin behar dela".

3. "2012ko azaroan bigarren erreskatea sinatu zenean, Eurotaldeak konpromisoa hartu zuen zorra berregituratzeko, baina orain ez du nahi".

4. "Erreferendumaren iragarpena egin zenetik, Europak zorra berregituratzeko prest dagoen seinaleak eman ditu. Seinale horiek erakusten dute eurek ere euren proposamenaren kontra bozkatuko luketela".

5. "Greziak eurogunean jarraituko du. Gordailuak seguruak dira. Hartzekodunek xantaiaren aldeko estrategia egin dute, bankuen itxiera oinarri hartuta. Egungo blokeoa erabaki horren ondorio da, eta ez Gobernuak negoziazioak bertan behera utzi dituelako edo eurogunetik ateratzeko asmorik duelako".

6. "Etorkizunak behar du eurogunearen barruan dagoen Grezia harro bat; horregatik, herrialdeak ezezko handia esan behar du igandean, eurogunean jarraituko dugula eta, ezetzak ematen duen boterea oinarri hartuta, zorra birnegoziatuko dugula".

Atzo, Alexis Tsipras lehen ministroak ere ezetzaren aldeko kanpaina egin zuen, telebistan egindako agerraldi batean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena