Mundua -

Referenduma Grezian

'Ezezkoa' eskatu du Tsiprasek, baina negoziatzeko prest dago

Euroguneko Ekonomia ministroek 45 minutuko bideokonferentzia egin dute. Atenasekin negoziatzen jarraitzeko referendumaren emaitzari itxarotea erabaki dute.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa telebistan. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa telebistan. Argazkia: EFE
Tsiprasek erreferenduma mantendu eta ezezkoaren alde egin du

1:06

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren igandeko referendumean ‘ezezkoa’ ematea eskatu du gaur Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak, baina aukera horrek ez du zertan Grezia eurogunetik ateratzea ekarri behar; izan ere, Atenaseko Exekutiboak ez du zalantzan jartzen, hartzekodunekin negoziatzen jarraitzeko prest dagoelako.

Eurotaldea hasi baino lehenago telebistan agerraldia egin du Tsiprasek. Ekonomiaren “jasangarritasunerako eta etorkizunera begira” akordio batera heltzeko borondate “irmoa” agertu du Tsiprasek.

Referenduma iragarri zuenetik, Exekutiboak hartzekodunen proposamenei alternatibekin erantzun diela nabarmendu du lehen ministroak. Erreskatearen truke erakundeen proposamena onartu ala ez erabaki beharko dute greziarrek igandean.

‘Corralitoa’ren hirugarren egunean, herritarrei lasaitasun mezu bat eman nahi izan die Tsiprasek. Gordailuak bermaturik daudela ziurtatu du buruzagiak.

“Zailtasunen jakitun naiz eta neurriak aldi baterako izateko ahalegina egingo dut”, adierazi du ‘corralito’ari erreferentzia eginez. Erretirodunei zuzendu zaie bereziki, eta Gobernua beraiengatik borrokatzen ari dela esan du Tsiprasek.

Pentsioak kobratzeko 1.000 bat banketxek ateak zabaldu dituzte gaur, baina erretirodunek 120 euro bakarrik ateratzeko aukera zuten. Horregatik, ireki baino lehen ilara luzeak izan dira bankuetan.

Bankuetako murrizketek batez ere pentsiodunei eragin die; izan ere, Erretirodun askok ez dute kreditu-txartelik, eta aurrezki-libreta bakarra dute soilik.

Eurotaldeak referenduma egin arte ez du negoziatuko

Eutotaldean “emaitza positiboa” baldin bazegoen Greziako Gobernuak “berehala” erantzungo lukeela erantsi du Tsiprasek.

Hala ere, Euroguneko Ekonomia ministroek 45 minutuko bideokonferentzia egin dute. Atenasekin negoziatzen jarraitzeko referendumaren emaitzari itxarotea erabaki dute.

Greziako erretirodunen protesta efe

Pentsiodunen protesta Atenasen. Argazkia: EFE

Greziako Exekutiboak hiru erakundeetako buruzagiei (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) bidalitako azken proposamena aztertzeko helburua zuen bilerak.

Hartzekodunek proposatutako akordioa errefusatzearen aldekoak dira greziarren % 46, eta % 30ek ‘baiezkoaren’ laukitxoa markatuko dute, inkesta baten arabera.

Varufakis: “Zorraren berregituraketaren truke neurri gogorrak onartuko lituzke Greziak”

Bestalde, zorraren berregituraketa barneratzen duen akordio batera heltzeko hartzekodunen “neurri gogorrak” onartzeko prest dago Greziako Gobernua, Yanis Varufakis Ekonomia ministroak gaur adierazi duenez.

“Zorraren berregituraketaren eta inbertsio programa baten truke neurri gogorrak onartzeko prest gaude”, esan du Varufakisek elkarrizketa batean, Greziako telebista publikoan.

Merkel: “Programa berri bat negoziatzea ezinezkoa da referenduma baino lehen”

Referenduma egin arte Greziari laguntzeko programa berri bat “negoziatzen hasterik” ez dagoela ohartarazi du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Atenasek galdeketa deitzeko duen legitimotasun demokratiko bera dute hartzekodunek euren “jarrera” defendatzeko.

“Referenduma baino lehen berriro negoziatzerik ez dago”, azpimarratu du kantzilerrak Parlamentuan (Bundestag).

Tusk: “Europak Greziari lagundu nahi dio, baina ez borondatez kontra”

Europar Batasunak Greziari laguntzeko prest jarraitzen duela adierazi du Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak, baina herrialdeak berak nahi ez baldin badu posible ez dela ohartarazi du. Horregatik, referendumari itxaroteko dei egin du.

Referenduma eragozteko “oraintxe bertan” akordioa eskatu du Hollandek

Greziak eta Eurotaldeak akordio bat “oraintxe bertan” adostea eskatu du Francois Hollande Frantziako presidenteak. “Argi hitz egin beharra dago, akordioa oraintxe bertan da”, adierazi du Hollandek Lyonen (Frantziako ekialdea).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Nazioarteko albisteak 2024 Batasun europarra NDF albisteak gaur Grezia Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Europako Banku Zentrala