Mundua -
Krisia Grezian
Akordio bat lortzeko igandera arteko epea eman dio EBk Greziari
Eurotaldea berriro larunbatean biltzea eta igandean beste goi-bilera bat egitea adostu dute EBko buruzagiek Greziaren erreskate programa berria aztertzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euroguneko buruzagiek Alexis Tsipras Greziako lehen ministroari ultimatuma eman diote gaur. Hirugarren erreskate baten eskakizuna asteazken honetan aurkeztu beharko du Atenasek, eta ostegunerako ?erreformen egutegi proposamen zehatza? prest izan beharko du, ?Eurotaldeak eta erakundeek aztertzeko?.
Europar Batasunaren goi-bilera berria justifikatu du Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak. Igandean ?agertokirik okerrena baztertzerik? ez dagoela ohartarazi du.
?Gure historiako unerik larrienean gaude?, esan du buruzagiak. Grezia eurotik at geratzeak ?Europar Batasun osoari eragingo dio?, erantsi duenez. Greziaren egoera ?oso larria? dela adierazi du Tuskek.
Hartzekodunekin eta bazkideekin negoziazioari berriz ekiteko proposamen berririk ez du aurkeztu Greziak euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroen gaurko goi-bileran. Hala ere, lehenbailehen hirugarren erreskate bat eskatuko duela aurreratu du Atenasek.
?Gaur ez da proposamen zehatzik izan?, esan du Alexander Stubb Finlandiako Ekonomia ministroak bilera amaitu ondoren. ?Europako Egonkortasun Mekanismoaren (Mede) programa baterako eskakizun bat espero dugu laster, asteazken honetan?, erantsi du Stubbek.
Greziaren egoerari erantzuteko azkartasuna beharrezkoa dela esan du Francois Hollande Frantziako presidenteak. Erabakiak astebetean hartu behar dituztela ohartarazi du.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren ahotan, Greziako Gobernuak beharrezko erreformak eta murrizketak egin ezean krisiari ?konponbide bat ematerik ez dago?.
Duela astebete aurkeztutako proposamenari eusten dio Atenasek, baina ?aldaketaren batekin?
Ekainaren 30ean planteatutako proposamen bera mahai gainean mantentzen du Greziako Gobernuak, baina ?aldaketa batzuk? onartuko lituzke negoziazioari blokeoa kentzeko helburuarekin.
Euklid Tsakalotos Greziako Ekonomia ministroa proposamen zehatzik gabe heldu da Eurotaldearen bilerara, baina asteazken honetan hirugarren erreskatearen eskakizun formala eta erreformak zehaztuko dituela azaldu dute EBko iturriek.
Bien bitartean, iragan asteartean, bigarren erreskatea amaitu zenean, aurkeztutako proposamena berriro azaldu du Greziako ordezkaritzak gaur. Hartzekodunen ia eskaera guztien aurrean amore eman zuen Atenasek orduan. Hala ere, uharteentzako BEZ murriztu bat edo pentsioen erreforma beranduago aplikatzea bezalako aldaketak barneratzen zituen Greziaren proposamenak.
Eurotaldea larunbatean eta goi-bilera igandean
Eurotaldea berriro larunbatean biltzea eta igandean beste goi-bilera bat egitea adostu dute EBko buruzagiek Greziaren erreskate programa berria aztertzeko, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak gauean iragarri duenez.
Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentearen hitzetan, Euklid Tsakalotos Greziako Ekonomia ministroak ?ez du proposamen berririk aurkeztu oraindik?. ?Lehendabizi? Greziako Exekutiboak euroguneko estatuei ?laguntza eskaera formala? bidaliko die ?lehenbailehen?.
?Ondoren Greziaren proposamenak aurkeztuko dizkigute, akordio batera heldu ahal izateko oinarria, alegia?, zehaztu du Herbehereetako agintariak.
Draghi, Hollande, Rajoy, Tsipras eta Renzi. Argazkia: EFE
Akordio bat adosteko eskatu die Obamak aldeei
Greziak euro barruan jarraitzeko akordio bat ixtea eskatu die Barack Obama AEBetako presidenteak Atenasi eta nazioarteko hartzekodunei.
Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak prentsaurrekoan jakitera eman duenez, Obamak telefonoz hitz egin du Alexis Tsipras Greziako lehen ministroarekin eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin.
Bilera Bruselan
Euroguneko estatuburuek eta gobernuburuek bilera egin dute Bruselan. Igandeko erreferendumean lortutako emaitzari esker, indartuta joan da Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa hurrengo bilerara.
Bilerara sartu aurretik, proposamen "sinesgarria" eskatu dio Dijsselbloemek Atenasi. "Ez dugu eurogunean sinesgarritasunari kalte egingo dion proposamenik onartuko", ohartarazi du.
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa Bruselan. Argazkia: EFE"Prozesu honetatik ezin gara atera gure sinesgarritasuna ziinduko duen emaitza batekin", esan die kazetariei, bilerara sartu aurretik. Hala ere, lehenik eta behin Tsakalotos ministro berriaren ekarpenak entzungo ditu Dijsselbloemek. "Pausoz pauso joango gara", gaineratu du.
Atzo Giannis Varufakisek dimisioa eman ondoren, Euklidis Tsakalotos ministro berria egon da Eurotaldeko bileran.
Iragan astean, Alexis Tsiprasek hirugarren erreskate baten inguruko negoziazioa proposatu zien Europako hartzekodunei. Orain, erreferendumean lortutako emaitzak indartu egingo du Tsiprasen jarrera.
Tsiprasek asteazken honetan hitz egingo du
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak hitza hartuko du Europako Parlamentuan asteazkenean, Gobernu greziarreko bozeramale batek aurreratu duenez.
Agerraldia igandean egindako erreferendumaren ondotik etorri da; botoa eman zuten greziarren % 61 zordunek egindako proposamenaren kontra azaldu ziren.