Mundua -

Bosnia-Herzegovina

Srebrenicako sarraskiak, hogei urte; ehunka gorpu lurperatu gabe daude

Bosnia-Herzegovinako hiriak genozidioaren 20. Urteurrenaren oroitzapena egingo du larunbat honetan. Egun gutxi batzuetan, 8.000 gizonezko musulman hil zituzten.

Argazkia: ETB.
Argazkia: ETB.
Redzija Subasic, Srebrenican hil zioten nebarengatik dolu egitera

1:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bosnia-Herzegovinako Srebrenica hiriak bertan izandako genozidioaren 20. urteurrenaren oroitzapena egingo du larunbat honetan. 1995eko uztailean, eta Ratko Mladic jeneralaren agintepean, tropa serbobosniarrek 8.000 gizonezko musulman hil zituzten han egun gutxian.

Aurtengo ekitaldian sarraskiaren 130 biktima lurperatuko dituzte, eta garrantzi handikoa izango da; izan ere, gertatutakoaren 20. urteurrena izateaz gain, Aleksandar Vucic Serbiako lehen ministroa bertaratuko da, hildakoei omenaldia egiteko asmoz. Vucic joatea nabarmentzekoa da; hain zuzen, Alderdi Erradikaleko kidea izan zen Vucic. Alderdi Erradikala ultranazionalista da, eta gaur egun Vojislav Seselj da haren liderra; Seselji gerra-krimenak egotzi izan dizkiote, eta orain dela hilabete batzuk aske utzi zuten, bere osasun-egoera ona ez baita. Bere garaian, Alderdi Radikalak esan zuen 100 bosniar hilko zituela gerran hildako serbiar bakoitzeko.

Bill Clinton ere egongo da

Bill Clinton Estatu Batuetako presidente ohia ere egongo da Srebrenican, hileta kolektiboan. Clintonek Potocariko Memorialaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta identifikatze-lan zail eta nekezak ere sustatu zituen. Hileta-gunea leku oso berezian dago kokatuta, alegia, lantegi jakin baten aurrean; bertan, militarrek musulmanak bildu zituzten, sexu eta adinaren arabera banantzea eta gerora adin militarrean zeuden gizonezkoak hiltzea xede.

Srebrenicako sarraskiak, gaur ere, polemika handia sortzen du bosniar, serbobosniar eta serbiarren artean; izan ere, azken bi erkidego horiek ez dute onartzen jazotakoa genozidioa izatea. Hala ere, Yugoslavia izan zenaz arduratzen den Nazioarteko Auzitegiak genozidiotzat jo zuen.

Sarraskia, "segurua" izan behar zuen gune batean

1995eko uztailaren lehen egunetan, eta hiru urtean setiatu ostean, militar serbobosniarrek, Ratko Mladic jeneralaren agintepean, Srebrenicako hiria hartu zuten. Nazio Batuetako misioak "gune segurutzat" izendatuta zuen Srebrenica. Herbeheretako "kasko urdinek", Thomas Karremans teniente koronelaren agintepean, adostu zuten Mladic jeneralarekin Potocariko kuarteletik irtengo zirela; bertan milaka musulman bosniar zeuden, militar holandarren babesaren bila joan izanak.

Mladicek eta Karremansek xanpainarekin topa egin ostean (famatua izan zen topa hori), militar serbobosniarrek adin militarrean zeuden gizonak alde batera jarri zituzten, emakumeak eta adinekoak Tuzla udalerrira autobusez eraman zituzten, eta sarraskia hasi zuten. Mladicen gizonek 8.000 bat gizonezko bosniar hil zituzten egun gutxian eta gorpuak hilobi arruntetan lurperatu zituzten; Srebrenicako inguruan dauden mendietan ere hainbat lurperatu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Zer ari da gertatzen Europan? Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Nazioarteko Zigor Auzitegiaren epaiketak Giza eskubideak albisteak