Mundua -

Cincinnati (AEB)

25 urteko polizia bati arma gabeko beltz bat hiltzea egozten diote

Matrikularik ez eramateagatik gelditu zuen, eta poliziaren bertsioaren arabera, autoz harrapatu nahi izan zuen, Cincinnati, (Ohio).

Armarik ez zuen gizon beltz bat hil du polizia batek Cincinnatin

3:49

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 urteko polizia zuri bat norbanako beltz bati tiro egitea eta hura hil izana leporatu diote Cincinnatin (Ohio). Estatu Batuetako afroamerikarren aurkako ustezko beste polizia-bortxakeria kasu bat izan daiteke.

Ray Tensing-ek, joan zen astera arte Cincinnatiko Unibertsitateko polizia-agente zenak (orduantxe gertatu ziren jazoerak), gaur agertu behar du epailearen aurrean 43 urteko Samuel Dubose erailketagatik. Agenteak Dubose bere autoan matrikularik ez eramategatik gelditu zuen.

Joseph Deters Hamilton konderriko fiskalak azaldu zuenez, "zentzurik ez duen heriotza da eta erabat bidegabea. Agentea ez zegoen erailketaren bat egozten zitzaion pertsona baten aurrean, baizik eta matrikularik ez zeraman norbanako baten aurrean". Fiskalak asteazkenean aurkeztu zituen poliziaren aurkako karguak.

Gertaerak uztailaren 19an izan ziren. Agentearen bertsioaren arabera, egun hartan, Dubose matrikulagatik geldiarazi ostean, norbanako biak eztabaida batean murgildu ziren. Eztabaida horretan zehar, Tensingek bere burua arriskuan ikusi omen zuen, uste izan zuelako Dubosek autoz harrapatu nahi zuela; horren aurrean, tiro egin zion eta hil egin zuen.

Fiskalaren aburuz, ordea, Tensingek ez zuen inoiz bere burua arriskuan ikusi, eta Dubosek ez zuen autoz harrapatu nahi izan.

Gertakarien ostean, Tensing Poliziatik bota zuten, eta gaur agertu beharko da epailearen aurrean lehendabiziko bistarako. Prozesu judiziala bere aurka bukatuko balitz, bizi guztirako kartzela-zigorra jaso lezake.

Kasu hau heriotza batekin bukatzen den Ameriketako Estatu Batuetako tokiko polizien eta afroamerikarren artean izandako beste gertakari bat da. Halako jazoeren poderioz arrazen arteko tentsioak areagotu egin dira herrialde horretan, eta zalantzan jarri dituzte agintaritza-agenteen jokamoldeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea