Mundua -
Negoziazioak
Krisi militarraren gaineko elkarrizketa berrabiarazi dute bi Koreak
Bitartean, Hego Koreak 50 urpeko militar zabaldu ditu, artilleria-tropen kopurua mugan bikoiztu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hego eta Ipar Koreako goi-arduradunek krisi militarrari buruzko negoziazioak berrabiarazi dituzte igande honetan, joan den goizaldean akordiorik gabe bukatu ostean, Seuleko Presidentetzak jakinarazi duenez.
Gaurko hitzordua Hego Koreako Panmunjom Su-etenaren Herrixkan izango da berriro, 15:30ean Hego Koreako orduan (06:00etan GMT orduan), Hego Koreako Defentsa Ministerioak ohar baten bidez azaldu duenez.
Hego Koreak Kim Kwan-jin Segurtasun Nazionalerako Bulegoaren zuzendaria eta Hong Yong-pyo Bateratze ministroa bidali ditu bilera horretara; Ipar Koreak, berriz, Hwang Pyong-so Herri-Armadako mariskalordea eta Kim Yang-gon Hego Korearekiko harremanen goi-arduraduna bidali ditu batzar horretara.
Lehen eta bigarren bileraren artean, aurkariaren proposamenak eta eskaerak aztertu dituzte bi aldeek, bilera-sorta berrian akordio batera iristeko bidea errazteko asmoz, Seuleko Presidentetzak gaineratu duenez.
Hego Koreak soldadu gehiago zabaldu ditu
Bitartean, Hego Koreak 50 urpeko militar zabaldu ditu, Hego Koreako ofizial militar batek nabarmendu duenez. Gainera, iturri horrek esan duenez, Kim Jong-uneko erregimenak bikoiztu egin du artilleria-tropen kopurua mugan, eta horiek borroka egiteko prest daude.