Mundua -
Hauteskunde garaipena
Tsiprasek gaur bertan egingo du lehen ministro karguaren zina
Gobernu berria osatzeko akordioa lotu du jada aurreko kidearekin, Greziar Independenteekin.
agentziak | erredakzioa
Alexis Tsipras igande honetan Grezian izandako hauteskunde orokorretako irabazleak gaur arratsaldean egingo du karguaren zina, Prokopis Pavlopulos Heleniar Errepublikako presidenteak Gobernua osatzeko agindua eman ostean.
Eguerdian, Andonis Manitakis jarduneko Barne Ministroak diputatu hautetsien zerrenda emango dio Parlamentuko jarduneko presidenteari. Ondoren, Pavlopulosek Gobernu berria osatzeko agindu formala emango dio Tsiprasi.
Hala ere, izapide formal hutsa izango da hori, Tsiprasek dagoeneko lortu baitu akordioa aurreko gobernuko kidearekin, Panos Kamenosen Greziar Independenteekin.
17:00etarako dago aurreikusita Tsiprasek karguaren zina egiteko ekitaldia, eta bihar izango da ministroen txanda.
Hedabide batzuen arabera, Yorgos Juliarakis egungo Finantza ministroak ardura berri bat izan lezake; baliteke berak hartzea bere gain hirugarren erreskatearen neurriei buruzko negoziazioak.
Juliarakis izan zen Greziaren ordezkarietako bat erreskatearen negoziazioetan, bai Yanis Varufakis Finantza ministro zenean, bai Euclides Tsakalotosen garaian.
Datozen egunotako agendak bizkortu egingo du Gobernua osatzeko prozesua. Izan ere, Tsipras errefuxiatuei buruzko goi-bileran izango omen da asteazkenean, Bruselan, Greziari bereziki eragiten dion kontua delako.
Igandean, berriz, New Yorken izango da, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian.