Mundua -

New York

EIren kontrako borroka, NBEren bilkuran hasierako hizpide nagusia

Bihar hasiko da New Yorken Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusia, eta besteak beste, AEB, Errusia, Iran eta Frantziako presidenteek hitz egingo dute bertan.

Nazio Batuen Erakundea. Artxiboko irudia: EiTB
Nazio Batuen Erakundea. Artxiboko irudia: EiTB
Nazio Batuen Erakundea. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoari aurre nola egin eta Siriako gerrari konponbidea bilatzea izango dira bihar New Yorken hasiko den NBEren Batzar Nagusiaren hasierako hizpide nagusiak.

Siriako auzian zeregin garrantzitsua duten AEBko, Errusiako, Irango eta Frantziako presidenteek hitza hartuko dute munduko estatuburuek eta gobernuburuek urtero egiten duten bileran, hain juxtu, Estatu Islamikoaren kontrako presio militarrak gora egin duenean eta Siriako gerrari konponbidea aurkitzeko saiakera berriak egiten ari direnean.

Orain arte, Baxar al-Asadi babesa agertu dion Errusiaren eta Mendebaldearen arteko iritzi kontrajarriek aurrera egitea eragotzi dute. Hala eta guztiz ere, Estatu Islamikoaren mehatxuaren ondorioz auzi honetan zeresana duten aldeek beren jarrera batzuk aldatu dituzte eta formula berriak aztertzen hasi dira.

Barack Obama AEBko presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak bilera egingo dute gaur New Yorken, denbora askoan lehen aldiz, eta beren jarrerak gerturatzen saiatuko dira. Azken asteetan Moskuko Gobernuak bere babesa handitu dio Siriako Erregimenari, eta aliantza militarra sinatu du Irakekin, Iranekin eta Siriarekin Estatu Islamikoari aurre egiteko. Bien bitartean, AEBk gidatzen duen koalizioa bere aldetik ari da Estatu Islamikoari aurre egiten.

Azken orduetan, Frantziak Sirian aire erasoak hasi ditu eta lehen bonbardaketak egin ditu Estatu Islamikoaren kontra Siria ekialdean. François Hollande Frantziako presidentea Siriako gerrari konponbidea emateko "alde guztiekin" hitz egiteko prest agertu da, baina azpimarratu du Siriaren etorkizuna ez duela Asaden eskuetan ikusten.

Dena den, Rohani Irango presidenteak gaur adierazi du beharrezkoa dela Siriako presidenteak agintean jarraitzea Estatu Islamikoari aurre egiteko.

Siriako gerraren ondorioetako bat errefuxiatuen krisia izan da, eta gai hori ere izango da NBEren Batzar Nagusiaren hizpideetako bat.

Bestalde, NBEren Batzar Nagusiko berritasunetako bat Raul Castro Kubako presidentearen eta Xi Jinping Txinakoaren estreinaldia izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da munduan gaur? Gerra Siria Barack Obama argazkiak NBE argazkiak Estatu islamiarra berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Zer ari da gertatzen Sirian?