Mundua -

Afganistan

AEBk bonbardatutako ospitaleak egoera salatu zuen erasoaren aurretik

Kunduz ospitaleko Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko mediku batek ostegunean salatu zuenez, enfrentamenduak osasun zentroaren sarreran izaten ari ziren. Dagoeneko, 22 dira erasoan hildakoak.

AEBk bonbardatutako ospitaleko irudia. Argazkia: EiTB
AEBk bonbardatutako ospitaleko irudia. Argazkia: EiTB
AEBren bonbarketa gogor salatu du Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak

1:09

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBk larunbat goizaldean bonbardatutako Afganistango Kunduz hiriko Mugarik Gabeko Medikuen ospitaleak borroken lehen lerroan zegoela salatu zuen aste honetan bertan.

Ostegunean Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak hedabideetara bidalitako ohar batean, Masood Nasim Kunduz ospitaleko medikuak astelehenean hirian ziren borroken berri eman zuen: "Ospitalea borroken lehen lerroan zegoen, enfrentamenduak osasun zentroaren atarian gertatzen ari ziren". Aldi berean, hainbat tiro ospitalera iritsi zirela eta horietako batzuk zainketa intentsiboetako unitatea zeharkatu zutela gaineratu zuen.

Kunduzeko ospitalea traumatologia eta kirurgia zerbitzuak eskaintzen zituen eskualdeko osasun zentro bakarra zen eta bertan Mugarik Gabeko Medikuen Erakundeko 80 lagunek lan egiten zuten. Halaber, bonbardaketaren unean ehunka gaixo artatzen ari ziren, erakundearen arabera.

Guztira, 22 lagun hil eta beste 37 pertsona zauritu dira AEBk Afganistango Kunduz hiriko ospitalearen kontra egindako erasoan, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak salatu duenez. Hildakoen artean Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko 12 langile eta hamar gaixo daude, erakundeak bidalitako azken oharraren arabera. Halaber, gertaturikoa argitzeko ikerketa bat zabaltzeko eskatu du erakundeak.

"Gerra krimena egin denaren uste argiaren aurrean, nazioarteko erakunde independente batek hartu beharko luke ikerketaren ardura", adierazi du Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak.

Ospitalearen kontrako erasoa "gaitzetsi" eta talibanek, Afganistango armadak eta AEBk ospitalearen kokapena ezagutzen zutela salatu du Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak. Halaber, erakundeak zalantzan jarri du, estatubatuarrek esan bezala, ospitaleak Kunduzen kontrako bonbardaketaren "albo-kaltea"k pairatu zituenik.

Bestalde, operatibo egoteari utzi dio Kunduz hiriko ospitaleak: "Operatibo izateari utzi dio. Gure erakundeko mediku batzuk zaurituak eraman dituzten osasun zentroetara joan dira".

Larunbateko bonbardaketaren aurretik, Mugarik Gabeko Medikuen ospitaleak 296 zauritu artatu zituen, horietako 74 zauritu larriak eta 64 haur.

Obamak ikerketa "osoa" hitzeman du

Barack Obama AEBko presidenteak bere doluminak eman dizkie afganistandarrei AEBk Kunduz hiriko ospitalearen kontra egindako erasoarengatik.

Etxe Zuriak argitaratutako ohar batean, AEBko presidenteak baieztatu du Defentsa departamentuak ikerketa bat ireki duela gertaturikoa argitzeko eta azpimarratu du ez duela iritzirik emango gertaeraren nondik norakoak ezagutu arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak bideoak