Mundua -
Aldebiko bilera
Turkiaren sarrera Europar Batasunean azkartzea hitz eman du Merkelek
Alemaniako kantzillerraren esanetan, litekeena da urte amaierarako moneta politikan eta ekonomia alorrean akordioa lortzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ahmed Davutoglu Turkiako lehen ministroak eta Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak Turkia Europar Batasunean sartzeko prozesua azkartzea adostu dute. Trukean, errefuxiatuen krisian kolaboratzeko konpromisoa hartu du Turkiak.
Davutogluk azaldu duenez, turkiarrek bisaturik gabe Europar Batasunera sartzeko aukera izango dute laster martxan jarriko den sistema bati esker. Bestalde, Merkelek ziurtatu du Alemaniak bere esku dagoen guztia egingo duela Turkiaren sarrera azkartzeko.
Hasteko, moneta eta politika baldintzak negoziatzeko prest agertu da Merkel, baina gerora, giza eskubideak, justizia, askatasuna eta segurtasun alorrak jorratu beharko dituztela ohartarazi du.
Siriako errefuxiatuen krisiari dagokionez, bi buruzagiak bat etorri dira konponbidea Siriako gatazkari irtenbide negoziatua bilatzean dagoela esaterakoan.
Ildo horretan, Davutoglu kezkatuta agertu da Bachar Al Assad Siriako presidentearen aldeko indarrek gidatutako eraso oldeak errefuxiatu gehiago eragin ditzakeelako.
Etorkinen etorrera hobeto kudeatzeko Siriako iparraldean "segurtasun eremua" irekitzeko beharra azpimarratu du Turkiako lehen ministroak; Turkiak hilabeteak daramatza hori aldarrikatuz, baina orain arte babes txikia izan du nazioartean.
Turkiaren sarrera erraztea eskatu die Erdoganek Europako haren aliatuei
Turkia Europar Batasunean sartzea erraztea eskatu die Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak haren aliatu diren Alemaniari, Frantziari, Espainiari eta Erresuma Batuari.
Horrela mintzatu da Recep Tayyip Erdogan Angela Merkelek Turkiara egindako bisita baliatuta.