Mundua -
7,5 graduko lurrikara
300dik gora dira Afganistanen eta Pakistanen hildakoak
Bestalde, 2.000 lagun inguru zauritu dira Richter eskalan 7,5 graduko indarra izan duen lurrikararen ondorioz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dagoeneko 300dik gora dira atzo Afganistanen eta Pakistanen izandako 7,5 graduko lurrikararen ondorioz hildakoak, bi herrialdeetako agintariek berri eman dutenez.
Hondamendi Naturalak Kudeatzeko Pakistango Agintaritzak egindako azken balantzearen arabera, 288 pertsona hil eta 1.620 zauritu dira Pakistan lurralde horretan. Afganistango agintarien esanetan, 90 dira herrialdean hildakoak eta 320 lagun zauritu dira. Beraz, orain arte bildu dituzten datu horien arabera, guztira 378 pertsona hil eta 2.000 inguru zauritu dira Pajhwok Afganistango albiste agentziak azpimarratu duenez.
Lurrikararen epizentroa Kabul hiriburutik 254 kilometrora kokatu da, 212,5 kilometroko sakoneran. AEBko Geologia Zerbitzuak adierazi du Richter eskalan 7,5 gradukoa izan dela lurrikara, nahiz eta hasiera batean 7,7koa izan zela esan.
Lehen lurrikara izan eta 40 minutura, 4,8 graduko erreplika bat izan da, eta lurra datozen orduetan ere mugituko dela iragarri dute. AEBko Geologia Zerbitzuak 4 gradutik gorako sei erreplika zenbatu ditu.