Mundua -

Marseilla (Frantzia)

Irakasle judu bat eta beloa zeraman emakume bat zauritu dituzte

Gizon batek emakumeari ukabilkada bat eman zion, eta ondoren kuter batekin zauritu zuen. Bigarren kasuan, hiru erasotzailek ikastetxe judu bateko irakasle bati labana batekin eraso egin zioten.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikastetxe judu bateko irakasle bat eta belo islamikoa zeraman emakume bat zauritu zituzten atzo, Marseillan (Frantziako hegoaldea). Eraso antisemita eta islamofobo horien aurrean “haserre” agertu da Bernard Cazeneuve Barne ministroa. Erasotzaileak atxilotzeko eginahalak egingo dituela agindu du ministroak.

Beloa zeraman gazteari erdialdeko metro geltoki batetik ateratzean eraso egin zioten. Gizon batek ukabilkada eman zion, eta ondoren kuter batekin zauritu zuen.

Emakumearen erlijioari erreferentzia egin zion erasotzaileak. Larrialdi zerbitzuek biktima artatu behar izan zuten, Cazeneuvek agiri batean azaldu zuenez.

Agiri beran, bigarren eraso erlijioso baten berri eman eta gaitzetsi zuen ministroak. Hiru erasotzailek ikastetxe judu bateko irakasle bati labana batekin eraso egin zioten. 56 urteko biktima judua ez dago larri.

Yavne eskolako historia irakaslearen aurkako erasoa Marseillako 13 barrutian gertatu zen. Erasoaren unean irakasleak kipa (juduek burua estaltzeko erabili ohi duten kalota) zeraman.

BFM TV telebistaren hitzetan, judua ote zen galdetu zioten hiru erasotzaileek, eta ondoren hiru labankada eman zizkioten. Estatu Islamikoa talde terroristari erreferentzia egin zioten hiru erasotzaileek.

Urriaren 24an, Marseillako sinagoga batetik gertu, aurrekariak zituen gizon batek, mozkorturik, hiru juduri eraso egin zien, eta horietako bat labana batekin zauritu zuen. Erasotzailea atxilotu zuten, eta abenduaren 9an epaituko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Delituak bideoak Frantzia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Erlijioa azken ordukoa Irakasleak