Mundua -
Burgasen (Bulgaria)
Hegazkin batek lur hartu behar izan du bonba mehatxua jaso ondoren
Hegaldia Varsoviatik (Polonia) abiatu da eta Hurghadan (Egipto) lur hartu behar zuen. Hegazkin barruan lehergailu bat zegoela ohartarazi du bidaiari batek.
Agentziak | Erredakzioa
Varsovia (Polonia) eta Hurghadako (Egipto) bainuetxea lotu behar zituen hegaldi bat erdibidean geratu da; izan ere, Burgaseko (Bulgariako ekialdea) aireportuan larrialdizko lurreratzea egin behar izan du, bidaiari batek hegazkin barruan lehergailu bat zegoela ohartarazi ondoren.
TVN24 Poloniako telebistaren arabera, hegazkinean lehergailuak zeudenaren abisua eman du bidaiari batek, eta pilotuek lur hartzeko erabakia hartu dute.
161 bidaiariak ebakuatu dituzte, eta bonba mehatxua zabaldu duen 67 urteko bidaiaria galdekatu dute Bulgariako buruzagiek.
Bonba mehatxua jaso bezain laster, larrialdizko lurreratzea egitea eskatu dute tripulatzaileek, BNT Bulgariako telebistak jakitera eman duenez.
Lehergailuen arrastorik ez
Bulgariako Poliziak ez du lehergailuen arrastorik aurkitu hegazkin barruan. Poliziak ekipajea eta hegazkina miatu ditu, eta ez du ezer susmagarririk topatu, Bulgariako Barne Ministerioko bozeramaile batek azaldu duenez.
“Abisuaren emaileak, Poloniako herritarrak, alkohola edan du. Atxiloturik dago”, erantsi du.
Bidaiariak aireportuan daude eta segurtasuneko prozedurak amaitu ondoren bidaiarekin jarraituko dute, Barne Ministerioaren arabera.