Mundua -
Hauteskundeak
Chavismoaren geroa ezbaian, Venezuelako Parlamenturako hauteskundeetan
Hasierako orduetan ez da aparteko jazoerarik izan. Parlamentu berriak Nicolas Maduro presidentearen agintea muga dezake, haren agintaldiaren amaiera oztopatuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azken urteotako hauteskunde garrantzitsuenak egingo dituzte gaur, igandea, Venezuelan; izan ere, Hugo Chavez zena agintera heldu zenetik lehen aldiz, oposizioak Asanblada Nazionaleko agintea izateko benetako aukerak ditu. Oposizioaren balizko garaipenak Nicolas Maduro presidentearen agintaldia zaildu dezake.
Guztira, 19,5 milioi herritar daude botoa ematera deituta Venezuelako Parlamentuko 167 ordezkariak aukeratzeko. Azken 16 urteetan alderdi ofizialistak batzen dituen Polo Demokratikoak agindu du Parlamentuan.
Inkesta gehienek oposizioko MUD koalizioaren garaipena iragartzen dute, botoen % 15 eta % 35 artean eskuratuta. Iragarpenak betetzen badira, beraz, aldaketa izango da Venezuelan.
Bestalde, aurreko hauteskundeekin alderatuta, botoa erabaki gabe dutenen eta independenteen kopurua handia da, hurrenez hurren, % 20 eta % 40koa. Antza denez, horietako askok chavismoarekin bat egin zuten iraganean, baina orain ofizialismoa kritikatu egiten dute.
Hauteskunde kanpainan zehar indarra galtzen joan da oposizioko MUD koalizioa eta, inkesten arabera, Nicolas Maduro presidenteak 11 puntu berreskuratzea lortu du azken hilabeteetako onarpen-maila (% 20) irauliz.
Militarrak, hautesleku bateko sarrera zaintzen. Argazkia: EFE
Normaltasuna lehen orduetan
Hauteskunde-egunaren lehen orduetan ez da aparteko jazoerarik izan. 163.000 agente zabaldu dituzte hauteslekuetan bozen segurtasuna bermatzeko asmoz, informazio ofizialaren arabera.
Vladimir Padrino Lopez generala eta Defentsa ministroa segurtasun-operatibo horren arduraduna da. Padrino Lopezek azaldu duenez, hainbat hauteslek euren boza jan dute. "Boto-txartelak jan dituzte, eta hori erabat debekatuta dago", esan du militarrak.
Gainera, "Venezuelako Indar Armatuen uniformeekin jantzita zeuden zenbait lagun hiru hauteslekutan sartzen saiatu dira, eta jazoera ikertzen ari gara". Bestalde, "beste hiritarrek batek su-arma erakutsi du hautesleku batean".
Padrino Lopezek iragarri duenez, droneak hegan eginarazi dituzten lagunen aurka "neurriak" hartuko dituzte, hauteskunde-egunetan aire-eremuan murrizketak daudelako, hegazkin komertzialentzako salbu.
Hauteskunde kanpaina zikina
Venezuelan nagusi den ziurgabetasunaren ondorioz, tentsio politikoak goia jo du. Hauteskunde kanpaina bereziki beligerantea izan da eta, testuinguru horretan gizon armatuek Luis Manuel Diaz oposizioko buruzagia hil dute.
Nazioarteko behatzaileak
Ez da apenas nazioarteko behatzailerik izango. Venezuelako Gobernuak gutxi batzuei eman die hauteskundeak jarraitzeko baimena, tartean, UNASUR Hego Amerikako Nazioen Batasuneko behatzaileei eta hainbat presidente ohiri -tartean da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia-.
Amerikako Estatuen Erakundeari eta Europar Batasunari ez die baimendu bertan izatea. Amerikako Estatuen Erakundeak salatu duenez, Venezuelan ez dira hauteskunde justiziaren bermeak betetzen. Bestalde, Europar Batasunak misioa bertan behera utzi du azken orduan, segurtasun arrazoiak tarteko. Dena den, zenbait eurodiputatu bertan izango dira.
Nazioarteko komunitatea beldur da iragartzen dituzten emaitza estuek biolentzia oldea eragingo duten.
Inflexio puntua
16 urtean lehen aldiz irabazteko aukerak omen ditu oposizioak eta horrek aurrekaririk gabeko ilusio oldea piztu du Venezuelako kaleetan. Sortutako ilusio hori bera garaipena izan da oposizioarentzat, urte luzetako gogogabetasunaren ondotik.