Mundua -

ERREFUXIATUEN KRISIA

Mugak zaintzeko polizia talde berezia sortzea proposatu du Bruselak

Europako mugak babesteko agentzia izango litzateke, eta 1.500 agente eta kostazain arituko lirateke mugak zaintzen. Errefuxiatuen joan-etorria kontrolatzea eta jihadismoari aurre egitea dira xedeak.

Errefuxiatuak Austriako mugan. EFE.
Errefuxiatuak Austriako mugan. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako mugak zaintzeko neurri sorta proposatu zuen atzo Europako Batzordeak osoko bilkuran, errefuxiatuen joan-etorria kontrolatu eta terrorismo jihadistari aurre egiteko, bestea beste. Horien artean, "ondo zainduta ez dauden Europako mugak" zaintzeko agente talde berezia sortzea proposatu du Bruselak. Proposamen hori onartuz gero, talde berezi horretako 1.500 polizia eta kostazain arituko dira mugak zaintzen.

Mugen Kontrolerako Taldeak herrialde batean sartzeko eta jarduteko eskumena izango du, hiru eguneko epean, "arazoa larria eta iraunkorra bada".

"Estatuak berak egin beharko du hasiera batean egoeraren azterketa, eta, ondoren, baldintza zorrotz batzuen arabera, talde berri horrek herrialde horretan jarduteko eskumena izango du", Europako Batzordeko iturriek azaldu dutenez.

"Frontexek izen berria hartuko du. Mugen Kontrolerako Taldea diseinatzen ari gara. Erabateko aldaketa egin nahi dugu", erantsi du.

Besteak beste, Alemania, Frantzia eta Espainia dira talde berri hori sortzearen alde dauden herrialdeak. Proposamenak gehiengo zabalaren babesa lortuz gero, eta EBko gobernuen eta Europako Parlamentuaren oniritzia jasota, asmoa da datorren urtean hastea lanean.

Errefuxiatuen krisiak zalantzan jarri du Schengen eremuko itunaren balioa, eta herrialde batzuek, Alemaniak, Austriak eta Suediak, esaterako, beren mugetako kontrolak zorroztea eragin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Batasun europarra Brusela Europa bideoak Albisteak Gaur Albisteak