Mundua -
Goi-bilera Bruselan
Mugak zaintzeko polizia taldea sortzea adostu dute EBko buruzagiek
Ekaina amaitu baino lehen osatuko dute. Bestalde, Erresuma Batuaren eskakizunak aztertzeko prest agertu dira estatuburu eta gobernuburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Kontseiluak egindako proposamena ontzat hartu dute EBko estatuburu eta gobernuburuek. Horrenbestez, 2016ko ekaina amaitu baino lehen, mugak zaintzeko polizia talde berezia sortzea adostu dute. Konpromisoan bat eginda, negoziatzeari ekin beharko diote orain agintariok.
"Europako txandakako Presidentetza eskuz aldatu baino lehen (Herbehereen esku dago ekainaren 30era arte) osatu beharko litzateke polizia talde berezi hori", Europar Batasuneko buruzagiek sinatutako akordioaren arabera.
Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak Twitter bidez eman zuen horren berri, ostegunean, 22:00ak aldera, baina bestelako xehetasunik eskaini gabe:
Europar Kontseiluak egin zuen proposamena asteartean. Kontseiluaren iritzian, gaur-gaurkoz, Europako mugak ez daude "behar bezala zainduta", eta Mugak Kontrolatzeko Taldeak hutsune hori beteko luke. Hala, taldeak herrialde batean sartzeko eta jarduteko eskumena izango luke, hiru eguneko epean, "arazoa larria eta iraunkorra bada".
Neurria pozik hartu dute Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Francois Hollande Frantziako presidenteak. Beste herrialde batzuek, Poloniak eta Hungariak kasurako, zalantzak agertu dituzte, neurriak euren subiranotasunean eragin dezakeelakoan.
Errefuxiatuen oldea arintzeko hartutako neurriak ere aztertu dituzte estatuburuek, eta honako ondorioa atera dute: "Schengen eremua babesteko kanpoko mugen kontrola hartu behar da, eta harrera zentroetara heltzen diren asilo eskatzaileen erregistroan atzemandako hutsuneak zuzendu behar dira".
Londresen eskakizunak
Errefuxiatuen krisia ez ezik, Erresuma Batuaren hordagoa ere buruhauste iturri da Europako agintarientzat, eta gai horretan ere aurrera egin zuten atzo estabuburu eta gobernuburuek. Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak nabarmendu duenez, EBko buruzagiak prest daude Cameronek egindako eskakizunak aztertzeko, horrek sortzen dituen kezkak gorabehera.
Merkatu bakarra, EBko estatuetako herritarren immigrazioaren kontrola eta lehiakortasuna oinarri, erreforma sorta proposatu zuen Erresuma Batuko lehen ministroak. Immigrazioaren auziak hautsak harrotu zituen EBko gainerako buruzagien artean, baina elkarrizketarako atea ez dute itxi behintzat.