Mundua -
Alemania
Mila gizonek hamarnaka emakumeri sexu-erasoak egin dizkiete Kolonian
Antolatutako taldeetan banatuta, "sexu-eraso masiboak" egin zituzten, tartean bortxaketa bat. Horrez gain, hainbat lapurreta burutu zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mila gizon inguruk, modu koordinatuan, hamarnaka emakumeri sexu-erasoak egin zizkieten Kolonia erdigunean (Alemania), Urtezahar-gaueko ospakizunetan.
Koloniako Poliziak jakinarazi duenez, gertakariak tren geltokitik hurbil jazo ziren eta erasotzaileak arabiarrak edo Afrika iparraldekoak zirela diote testigantza gehienek.
Erasotzaileak taldeka antolatu ziren emakumeei “sexu-erasoak” egin eta lapurtzeko. Gutxienez, bortxaketa bat izan zen.
Poliziak aitortu du inoiz ez dutela tamaina horretako erasorik bizi izan eta onartezina dela horrelako zerbait hiri handi batean gertatzea.
Ikerketa bat jarri dute abian hau guztia argitzeko. Urtezahar-gauean atxiloketa batzuk egin zituzten, lapurretak egotzita. Atxilotu horiek sexu-erasoekin loturarik duten edo ez frogatu behar dute orain.
Dagoeneko 60 emakumezkok jarri dute salaketa eta datozen egunetan gehiago izango direla espero dute.
Erasoak izan ziren inguruan hainbat polizia zeuden, baina su artifizialek eta kalean zegoen jendetzak eragindako zartarekin, dena oharkabean pasatu zitzaiela aitortu dute.