Mundua -

Txile

Piñerak "kemena" eskatu die txiletarrei berreraikuntza hasteko

"Nahiz eta atsekabea zein zoritxarra izan, adorea eskatu nahi dizuet, gure malkoak lehortzeko gai izan behar garelako", adierazi du Txileko presidenteak Constitucionen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rancagua eta Constitucion udalerriak bisitatu ditu gaur Sebastian Piñera Txileko presidenteak, boterea hartu ostean. Bertan berreraikuntza prozesuarekin hasteko "kemena" eskatu die txiletarrei, otsailaren 27an gertatutako lurrikara eta itsasikararen ostean.

"Nahiz eta atsekabea, sufrimendua zein zoritxarra izan, adorea eskatu nahi dizuet, gure malkoak lehortzeko gai izan behar gara eta itsasikarak hondatutako guztiaren berreraikuntza prozesua hasteko", adierazi du Piñerak Constitucionen, Santiagotik 360 kilometrora dagoen udalerria. Constitucion suntsitu zuen lurrikarak.

Constitucionera heldu baino lehen, Piñerak Rancagua bisitatu du, Santiagotik 86 kilometrora. Txileko erdialdea eta hegoaldea gaur kolpatu dituen lurrikarak gehien kaltetutako herria da Rancagua. 6,9 graduko erreplika izan da gaur Txilen. Agintari berriak hondamendi egoera ezarri du bertan.

Gobernu konprometitua

"Egoerarekin konpromisoa du nire Gobernuak eta atsekabe handiena den tokira indar askorekin helduko da Exekutiboa", azpimarratu du Piñerak.

Hitzaldia amaitu ostean, baliabide gutxien dituzten familiei laguntzeko 40.000 peso (78.000 bat dolar) ordaintzeko lege-proiektua bidaliko duela iragarri du presidenteak.

Inbestidurara etorritako agintari atzerritarrak bazkaltzera gonbidatu dituela azaldu du Piñerak, baina emaztearekin mahaian eserita utzi behar izan ditu, bere eginbeharra Constitucionen izatea zelako, "lurrikarak kaltetutako lagunekin batera".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea