Mundua -
Hauteskundeak, maiatzaren 6an
Hirugarrenak irabazi du Britainia Handiko hauteskunde-eztabaida
Nick Clegg Alderdi Liberal Demokratako hautagaiak aurrea hartu die Gordon Brown lehen ministro eta buruzagi laboristari eta David Cameron buruzagi kontserbadoreari, hau da, faboritoei.
Erredakzioa
Nick Clegg Alderdi Liberal Demokratako hautagaiak irabazi du Britainia Handiko telebistan inoiz egin duten lehenengo hauteskunde-eztabaida. Egungo politika britainiarreko handienei irabazi die, Gordon Brown lehen ministro eta hautagai laboristari eta David Cameron buruzagi kontserbadoreari hain zuzen ere.
Hala jakinarazi du eztabaida zuzenean eman duen ITV telebista kateak inkestetan oinarrituta. % 43k Clegg jo du irabazle, % 26k Cameron eta % 20k Brown.
Nabarmenagoak izan dira The Sun egunkari sentsazionalistak eman dituen datuak, izan ere, botoen % 51 eman dio liberal demokratari, % 29 kontserbadoreari eta % 19 laboristari.
Maiatzaren 6ko hauteskundeak baino lehenago beste bi eztabaida egingo dituzte, bat nazioarteko politikari buruz eta beste bat ekonomiaren inguruan (gaur Britainia Handiko politika izan dute hizpide), baina liberal demokratek dagoeneko lortu dute helburu nagusienetako bat, hautesleriak bere hautagaia ezagutzea alderdiak boto gehiago eskuratzeko.