Mundua -
PARISKO ATENTATUAK
Salah Abdeslam kartzelatu egin dute Frantzian, hilketak egotzita
Parisko atentatuekin lotura zuzena duelakoan, martxoaren 18an atxilotu zuten Belgikan. Gaur goizean utzi dute Frantziaren esku.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Salah Abdeslam ustezko terrorista, Parisen izandako atentatuak egin zituen talde jihadistako ustezko kidea, kartzelatu egin du Frantziako Justiziak "izaera terroristako" hilketak egotzita.
Frank Berton Frantzian duen abokatuak Parisko Justizia Jauregitik atera denean jakinarazi duenez, izaera terroristako hilketen laguntzaile izatea, armak edukitzea eta erabiltzea eta lehergailuak eta bahiketak egitea ere leporatzen diote.
Abdeslam, Belgikatik Frantziara gaur estraditatu eta azaroaren 13ko erasoak ikertzeko atxilotu nagusia, Fleury-Merogisen espetxeratu dute, Europako kartzela handienean, hiriburutik 30 bat kilometrora.
Atxiloketa
Martxoaren 18an atxilotu zuten Abdeslam, Bruselan, eta berak eskatu zuen Frantziara "ahalik eta azkarren" estraditatzea, hasieran neurri horri uko egin zion arren.
"2015eko azaroaren 13an Parisen izandako atentatuak argitzeko zabaldutako espedientearen harira, Salah Abdeslam Frantziara estraditatu da, herrialde horrek martxoaren 19an emandako euro-agindu bati erantzunez", jakinarazi du Belgikako Fiskaltzak, agiri labur batean.
Estradizioa goizaldean egin dela zabaldu dute Belgikako hainbat hedabidek, baina Fiskaltzak ohartarazi du ez duela gaiaren inguruko xehetasunik emango.
Segurtasun neurriak aipatuz, duela aste batzuk, Belgikako agintariek adierazi zuten Abdeslamen estradizioari buruzko informaziorik ez zutela zabalduko. Atxilotu zutenetik, Brujasko espetxe batean egon da, segurtasun neurri zorrozpean.
Onartu egin zuen
Poliziaren arabera, Abdeslamek galdeketetan onartu du Parisko atentatuetan parte hartu zuela. 130 pertsona hil ziren eraso horietan.
Bruselan martxoaren 22an izandako atentatuekin ere lotura izan zuela uste da, baina berak ukatu egin du.