Mundua -
Hauteskundeak
Cameronek irabazi du Britainia Handiko hirugarren eztabaida
Hiru hautagaien arteko azken hauteskunde-eztabaida programen konparaketak markatu du, arlo ekonomikoan bereziki.
Erredakzioa
David Cameron Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen hautagaiak irabazi du hirugarren eta azken hauteskunde-eztabaida, bertako hedabideek argitaratutako bi inkesten arabera.
Yougov enpresak The Sun egunkariarentzat egindako inkestaren arabera, inkestatuen % 42k Cameron izan dela garaile uste dute. Haren atzetik Nick Clegg Alderdi Liberal Demokrataren hautagaia ( %32) eta Gordon Brown lehen ministroa (% 25) geratu dira.
Bestalde, ComRes konpainiak ITV telebista katearentzat egindako inkestaren arabera, inkestatuen % 35ek Cameron jo dute irabazletzat, Clegg % 33k&' || 'nbsp; eta Brown% 26k.
Brownek susperraldi ekonomikoarentzat mehatxua izatea egotzi dio Cameroni, kontserbadoreek 7.000 milioi euro murriztu nahi baitute sektore publikoen aurrekontua.
Gai hori asko eztabaidatzen ari dira hauteskunde kanpainan. Adibidez, Erresuma Batuko enpresaburu nagusiek babestu egin dute kontserbadoreen plana, baina 108 adituk agintean dagoen alderdiaren asmoei eman diete oniritzia (ez egitea murrizketarik susperraldia errotu arte).
Lehen ministroa erasokorra agertu da ekonomia eztabaidan, gai horretan eroso baitago (Ogasun ministroa izan zen), baina ez du lortu Cameron urduri jartzea, hura beti bezain hotz eta serio aritu baita.
Cleggek Finantza Orekarako Kontseilua eratzea proposatu du, baina beste bi hautagaiek entzungor egin diote.
Immigrazioa
Cameronek eta Brownek hautagai liberalaren aurka egin dute immigrazio gaietan, Erresuma Batuan legez kanpo dauden milioi bat etorkini amnistia eman nahi baitie.
Hori horrela, buruzagi kontserbadoreak Europar Batasuneko estatu kide berrietako immigrazioari mugak jartzea eta EBz kanpokoa geldiaraztea promestu du, baina Cleggek gogorarazi dio uharteetan dauden etorkinen % 80 europarrak direla.
Brownek goratu egin ditu immigrazioari aurre egiteko laboristek dituzten neurriak, tartean puntukako sistema bat sortzea prestakuntza urriko etorkinei herrialdean sartzea galazteko.
Eztabaidaren hasieran, Brownek gogora ekarri du lehengo egunean emakumezko batekin izan zuen liskarra ("intolerantea" deitu zion), eta berak ere akatsak egiten dituela aitortu zuen. Hori bai, "ekonomia zuzentzea" ondo dakiela gaineratu du.