Mundua -
Marea beltza
Florida hondamendi ekologikoa saihesteko prestatzen ari da
BP Britainia Handiko petrolio enpresak "eskuartean dituen neurri guztiak" jarriko ditu indarrean eta berak egingo die aurre petrolio isuriak eragindako kalteen kostuei.
Erredakzioa
Estatuko ipar-mendebaldeko kostaldea marea beltzetik babesteko lanean jarraitzen dute Floridako (AEB) agintariek, hondamendi ekologiko bat ekiditeko. Mexikoko Golkoan eztanda egin zuen petrolio -plataformak eragin zuen isuria.
"Asteazkenera arte marea beltza Floridako kostaldera helduko ez dela espero da", Floridako Ingurugiroaren Babeserako Departamentuak (DEP) gaur adierazi duenez.
Mexikoko Golkoko eta Floridako kostaldeko uretan eta arrain zein itsaskietan petrolioak izan dezakeen inpaktua aztertzen ari dira DEP, Arrantza eta Basa-bizitzaren Batzordea (FWC), agentzia federalak eta Floridaren mendebaldeko kostaldeko Konderriak.
BP petrolio enpresa
Bestalde, petrolio isuria gelditzeko "eskuartean dituen neurri guztiak" indarrean jarriko dituela eta "zilegi" den kasuetan kalteak ordainduko dituela iragarri du BP Britainia Handiko petrolio enpresak.
Bere webgunean argitaratu duen agiri batean agertu dutenez, "petrolio isuriaren zabalkundea gelditzeko eskuartean ditugun neurri guztiak hartzeko erabateko konpromisoa dugu".
Iragan ostiralean, konpainiak kostuei aurre egiteko konpromisoa hartu zuen, AEBetako Gobernuaren kritikak jaso ostean.
"Gure gain dago petrolio isuriaren ardura eta garbitu egingo dugu, eta jendeak kalteengatik zilegi diren erreklamazioak aurkezten baditu, ordaindu egingo diegu", adierazi zuen Tony Howard konpainiaren kontseilari ordezkariak.
Azken egunotan, AEBetako Gobernua "desengainatuta" agertu da BPk ez duelako petrolio-isuria gelditzerik izan, eta Mexikoko Golkoan dagoen marea beltzak Louissianako kosta mehatxatzen duelako.
Barack Obamaren administrazioak ikerketa abiarazi du Deepwater Horizon petrolio plataformaren leherketa eta hondoratzea zerk eragin zuen jakiteko. Apirilaren 20ean gertatu zen eta 11 lagun hil ziren.
BPk azpimarratu du "isuriaren kontra baliabide guztiak" erabiliko dituela, isurtzen ari den putzua ixtea eta kosta garbitzea tarteko.
Hala ere, enpresak eman duen erantzunak (ez du nazioarteko asegururik eta eskuartean dituen baliabideak erabili beharko ditu hondamendia saihesteko) ez ditu agintariak asebete.
Egunero 800.000 litro petrolio isurtzen ari dela kalkulatu dute.