Mundua -
Emakumeen aurkako indarkeria
Emakume pakistandar bati su eman diote ez zuelako ezkondu nahi
19 urteko emakumea oso larri dago, gorputzaren % 85a kiskalita geratu baitzaio.
agentziak | erredakzioa
19 urteko emakume bat torturatu eta suarekin erre dute Pakistango Murree herrian, ezkontzeko proposamen bati uko egiteagatik, familiak salatu duenez.
Biktimaren osabak esan du biktima bakarrik zegoela etxean bost gizonek osatutako talde bat etxean sartu eta eraso egin zionean. Gero, su eman zioten eta han inguruan utzi zuten botata.
Dawn egunkari pakistandarrean agertzen denez, Murreeko ospitalean ezin izan zuten artatu, erreduren kontrako unitaterik ez duelako, eta Islamabad hiriburura eraman behar izan zuten.
19 urteko emakumea oso larri dago, gorputzaren % 85a kiskalita geratu baitzaio, ospitaleko iturrien arabera.
Biktimaren osabak jakinarazi du Poliziak ez duela salaketa onartu eta oraindik ez dutela argitu nortzuk izan ziren erasotzaileak.