Mundua -
ATENTATUAK
Orlandoko atentatua, I-11tik AEBn izandako larriena
Azken urteotan, hainbat erasoren jomuga izan da AEB, gehienak, jihadistek burututakoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Orlandon (Florida) gutxienez 50 hildako utzi dituen atentatua, Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurkako erasoak izan zirenetik jasotako larriena izan da. 2001eko irailaren 11ko atentatu odoltsu haietan 3.000 lagunetik gora hil zituzten jihadistek.
Barak Obama AEBko presidentearen hitzetan, "terrore eta gorroto ekintza" izan da Orlandoko atentatua. Erasoa estatubatuar guztien aurkako erasoa dela gaineratu du.
Azken urteotan, hainbat erasoren jomuga izan da AEB, gehienak, jihadistek burututakoak.
Estatu Batuek jasandako eraso bortitzena Dorre Bikien kontrakoa izan zen. Hiru hegazkin bahitu zituzten talde jihadistek, eta Dorre Bikien eta Pentagonoaren egoitzen aurka egin zuten.
AEBn izandako atentatu terrorista nagusiak honakoak izan dira:
1978/1995 ? Theodore John Kaczynski (Unabomber ezizenez ezaguna) filosofo eta matematikariak 16 bonba leherrarazi zituen urte tarte horretan; 3 lagun hil ziren eta 23 zauritu, AEBko hainbat hiritan.
1993ko otsailaren 26a - New Yorkeko Word Trade Centerren bonba-auto bat leherrarazi zuten eta sei lagun hil ziren. Talde jihadista batek hartu zuen bere gain erasoa.
1993ko martxoaren 10a ? David Gunn abortuak egiten zituen medikua hil zuten Floridan, abortuaren kontrako hainbat ekintzailek.
1993ko abenduaren 14a ? Colin Fergunson beltzen eskubideen aldeko aktibistak sei pertsona (azal zurikoak) hil zituen New Yorken, tren geltoki batean. Krimen arrazistatzat jo zuten.
1994ko martxoaren 1a ? Haur judutarrak zeramatzan eskola-autobus baten kontrako tiroketa izan zen New Yorken. Pertsona bat hil zen.
1995eko apirilaren 19a ? 169 pertsona hil ziren Oklahoman, bertako eraikin federal baten kontrako atentatuan. Bonba bat zartarazi zuten bertan.
1996ko uztailaren 27a - Bi pertsona hil ziren Atlantan (Georgia) izandako atentatuan. Etxean egindako lehergailu bat eztandarazi zuten, Olinpiar Jokoak jokatzen ari ziren bitartean.
1999ko abuztuaren 10a ? Judutarren zentro baten kontrako erasoa izan zen Los Angelesen, eta pertsona bat hil zuten.
2001eko irailaren 11 ? 3.000 lagun baino gehiago hil ziren Dorre bikien (New York) eta Pentagonoaren eraikinen (Washington eta Pensilvania) kontrako erasoetan. Talde jihadistek hartu zituzten euren gain erasoak.
2006ko uztailaren 28a ? Judutarren Federazioaren kontrako atentatua izan zen Seattlen. Pertsona bat hil zen.
2008ko uztailaren 27a ? Bi lagun hil ziren Knoxvillen (Tennese), ekitaldi erlijioso baten kontrako erasoan.
2009ko apirilaren 3a ? 13 lagun hil ziren Binghamtoneko (New York) etorkinen zentro baten kontrako erasoan.
2010eko otsailaren 18a - Bi lagun hil ziren Austinen (Texas), bertako eraikin federal baten kontrako eraso suizida batean.
2011ko urtarrilaren 8a ? Sei lagun hil ziren Tucsonen (Arizona), ekitaldi politiko batean izandako erasoan. Besteak beste, John McCarthy Roll epailea hil zen atentatu hartan.
2012ko abuztuaren 5a ? Sei lagun hil ziren Wisconsineko eliza batean, beltzen aurkako eraso batean.
2013ko apirilaren 15a - Hiru lagun hil ziren Bostonen, bertan egiten den maratoi ezagunean izandako erasoan.
2014ko apirilaren 13a ? Hiru hildako Overland Parken (Kansas), judutarren zentro baten kontrako erasoan.
2015eko ekainaren 17a - Bederatzi pertsona hil ziren Hego Karolinan, eliza batean izandako tiroketan.
2015eko abenduaren 3a - 16 lagun hil ziren Kalifornian, senar-emazte batzuek gizarte-zentro baten aurka egindako eraso jihadistan.
2016ko ekainaren 12a - Orlandon (Florida) homosexualak elkartzen diren lokal batera sartu, eta bertan zeudenen kontra tiro egin zuen gizonezko batek, errifle bat eta pistola bat eskuetan. Gutxienez 50 lagun hil zituen eta 53 zauritu.