Mundua -
Gobernu berria eratzeko
Erresuma Batuko lehen ministro gisa dimititu du Gordon Brownek
Bien bitartean, Alderdi Kontserbadoreko eta Liberaldemokratako batzordeak bilduta dira akordio bat lortzeko negoziaketetan.
Erredakzioa
Isabel Erreginaren aurrean dimisioa aurkeztuko duela iragarri du gaur Gordon Brown Britainia Handiko lehen ministroak, eta David Cameron Alderdi Kontserbadoreko buruzagiari Gobernu berria osatzeko lekua utziko diola adierazi du.
"Dimisioa aurkeztu behar dudala jakinarazi diot Erreginaren Kontseiluari", esan du Brownek Downing Streeteko 10. zenbakiaren aurrean. Lehen ministroa Sarah emaztearekin batera egin du agerraldia, Buckingham jauregira abiatu baino lehen.
Isabel II.rekin bildu eta hark dimisioa onartu ostean, "Gobernua osatzen saiatzeko" gonbitea luzatuko dio Cameroni Brownek. Bien bitartean, Alderdi Kontserbadoreko eta Alderdi Liberaldemokratako batzordeek bilduta jarraitzen dute.
Honenbestez, Brownen agintaldia (hiru urte) amaitu da eta Exekutibo laboristen 13 urteri amaiera eman die. Izan ere, Tony Blairrek John Majorri hauteskundeak (1997) irabazi zizkionetik laboristak izan dira boterean.
Sarah emazteari eta lankideei bereziki eskerrak eman dizkie Brownek eta auto ofizialean Jauregira joan da, komunikabideen aurrean bi semeekin paratu ostean. Gutxi geroago Erreginak Brownen dimisioa onartu du.
Alderdien batzordeak bilduta
Momentuz, beste bi alderdien batzordeak bilduta dira egoitza ofizialean 14:00az geroztik, baina oraindik ez dute zehaztasunik jakitera eman.
Aurretik Erresuma Batuko Gobernu berria martxan jartzeko helburuarekin laboristek eta liberaldemokratek hasitako negoziazioek porrot egin dute. Nick Clegg-en alderdiarekin izan dituzten kontaktuek ez dute akordiorik lortu.
David Cameron buruzagi kontserbadorea eta Nick Clegg liberaldemokrata goizean ordubetez bilduta izan dira.
Hauteskunde-sistema erreformatzeko erreferenduma egingo dutela agindu diote Cleggen alderdiari kontserbadoreek. Hauteskunde-kanpainan akordio batera heltzeko liberalek jarritako baldintza nagusia zen. Itun bat lortzeko nahikoa izatea espero dute kontserbadoreek.
Ziurgabetasuna
"Erabaki bat hartzeko momentua heldu" dela adierazi du gaur Cameronek. Era berean, ziurgabetasun politikoa ez luzatzeko erabakia ahalik eta azkarren hartzea komeni dela onartu du Cleggek, merkatuen urduritasuna histeria bihurtzea saihesteko.