Mundua -

Estatu-kolpearen porrota

Turkiak bertan behera utzi du Giza Eskubideen Ituna

Gobernuak hiru hilabeteko larrialdi egoera ezarri du.

Recep Tayip Erdogan Turkiako presidentea. Argazkia: EFE
Recep Tayip Erdogan Turkiako presidentea. Argazkia: EFE
Recep Tayip Erdogan Turkiako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Korronte kolpistei eta “demokraziaren mehatxuari” aurre egiteko, hiru hilabeteko larrialdi egoera ezarri du Turkiako Gobernuak. Epe horretan, bertan behera egongo da Giza Eskubideen Europar Ituna.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eman du horren berri, eta neurriarekin balio demokratikoak babestu nahi dituztela adierazi du.

Estatu-kolpe saioarekin zerikusia dutelakoan, 10.937 pertsona atxilotu dituzte jada: 6.000 militar baino gehiago, ehun bat polizia, eta baita epaile eta fiskal ugari ere. Horrez gain, beste 50.000 pertsona gaitasungabetu dituzte, hezkuntza alorreko irakasle asko tartean.

“Neurria ez da demokrazia, zuzenbide-estatu eta askatasunaren aurkakoa. Alderantziz, balio horiek indartu eta babestu nahi ditu”, esan du Turkiako estatuburuak Segurtasun Kontseilu Nazionalarekin bildu ondoren.

“Erakunde terroristako kide guztiez lehenbailehen arduratzea” da neurri horren helburua, esan du Erdoganek, Fetullah Gulen kleriko islamistaren taldeari erreferentzia eginez. Estatu-kolpe saiakera zuzentzea leporatzen dio Turkiako Exekutiboak Guleni.

Turkiako Konstituzioaren 120. artikulua

Indarkeriak demokrazia mehatxatzen duen kasuetan, larrialdi egoera ezartzeko aukera ematen du Turkiako Konstituzioaren 120. artikuluak.

Hala, Gobernuak lege-dekretuak onartu ahal ditu, oinarrizko askatasun eta eskubideak bertan behera utzi, herritarrei finantza betebeharrak ezarri eta funtzionarioei botere bereziak eman.

Administrazioan garbiketarekin jarraitzea beharrezkoa” dela adierazi du Erdoganek; izan ere, korronte kolpistak “metastasia egin du, minbizia balitz bezala”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Turkia