Mundua -
HAuteskundeak AEB-n
Donald Trump: 'Legearen eta ordenaren hautagaia naiz'
Clintonen kontrako hitz gogorrak izan ditu hautagai errepublikanoak eta legez kanpoko immigrazioarekin eta poliziaren aurkako indarkeriari amaiera emango diola hitzeman du.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump AEBko Presidentetzarako hautagai errepublikanoak esan duenez, "legearen eta ordenaren" presidentegaia da eta "ahaztuen ahotsa".
Astelehenetik Etxe Zurirako hautagaia izendatzeko batzarra ari dira egiten errepublikanoak Clevelanden. Bertan eman duen lehen hitzaldian, sendo eta indartsu mintzatu da Trump: "Zorionik ez da egongo legerik eta ordenarik gabe, eta Etxe Zurirako lasterketan, ni naiz legearen eta ordenaren hautagaia".
"Herri honetako gizon eta emakume ahaztuen ahotsa" ere badela nabarmendu du Trumpek. Haren hitzetan, "egunero altxatzen naiz ahaztuak, baztertuak edo abandonatuak izan diren horien mesedetan lan egiteko prest".
AEB azkenaldian astindu duten Poliziaren indarkeria kasuak ere ahotan hartu ditu buruzagi errepublikanoak: "Gure Poliziaren segurtasunari eta kaleen bakeari mehatxu egiten dieten horientzat mezu bat dut: presidente karguaren zina egiten dudanean, legea eta ordena berrezarriko dut".
Clinton , jomuga
Etxe Zurirako lasterketan aurkari izango den hautagai demokrataren kontrako hitz gogorrak egin ditu Trumpek. Bere esanetan, Clinton estatu idazkari izan zen garaitik (209-2013) datoz AEB dituen arazo guztiak, "hauxe da bere ondarea: heriotza, hondamendia eta ahultasuna", gaineratu du.
Adierazi duenez, "Hillary Clintonen ondasunak ez du zertan AEBna izan behar. Orain ditugun arazoekin -txirotasuna, indarkeria, atzerriko hondamendia eta heriotza- jarraituko dugu horiek sortu zituzten politikei eusten badiegu"
AEB, aurrena
Bere kanpainako proposamen izarra ofizial egin du hitzaldian: Mexikoko mugan harresi bat altxatzea. "Legez kanpoko immigrazioa, gaizkile taldeak eta indarkeria eta droga geldiarazteko harresi handi bat egingo dugu", azpimarratu du.
Etxe Zurira heltzen bada, AEB izango dira bere lehentasuna, "AEB, aurrena", erantsi du. Segidan bere asmoak laburbildu ditu: "Gure etxea den honetan segurtasuna bermatzea izango da nire lehen lana, hau da, auzoak eta mugak seguruak izatea eta terrorismoari aurre egitea. Horretarako legea eta ordena behar ditugu. Arlo ekonomikoan, erreformak ipiniko ditut martxan milaka lanpostu sortzeko eta aberastasuna biderkatzeko".