Mundua -

AEB

Melania Trumpen hitzaldia, Michelle Obamak 2008an egindakoaren berdina

Trumpen emaztea izan da, bart, Clevelandeko izar nagusia, baina bere diskurtsoak hautsak harrotu ditu, Obamaren emazteak orain zortzi urte esandakoak hitzez hitz errepikatu dituelako.

Melania Trump, Clevelanden eman duen hitzaldian. EFE.
Melania Trumpek Michelle Obamaren 2008ko hitzaldia kopiatu duela diote

AGENTZIAK |

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Melania Trumpek Alderdi Errepublikanoaren konbentzioan, Clevelanden, bart, eskaini duen hitzaldia zeresana ematen ari da mundu osoko komunikabideetan, Michelle Obamak 2008an egindako hitzaldiaren oso antzekoa izan delako; esaldi batzuk berdin-berdinak dira, hitzez hitz.

Txaloz hartu dute Donald Trump hautagai errepublikanoaren emaztea bertan bildutako ehunka lagunek. Hitz egiten hasi orduko, Michelle Obamak Alderdi Demokrataren Konbentzioan orain zortzi urte esandakoak ekarri dituzte gogora adituek, eta edukia berbera dela baieztatu dute.

Jugoslavia zaharrean jaiotako modelo ohiak bere haurtzaroko bizipenak nabarmendu ditu. "Nire gurasoek oso gaztetan erakutsi zidaten gogor lan egin behar dela bizitzan nahi duzuna lortzeko, zure hitza sakratua dela, emandako hitza bete egin behar dela eta jendea errespetuz hartu behar dela", esan du.

Obamaren emazteak honakoa esan zuen 2008an: "Barackek eta biok balore berak jaso ditugu: gogor lan egin behar da bizitzan nahi dena lortzeko, zure hitza sakratua da eta emandako hitza bete egin behar da. Jendea duintasunez eta errespetuz hartu behar da".

Diskurtsoa berak idatzi duela esan du Melania Trumpek behin eta berriz, eta, besteak beste, bere aitaren lana eta balioa goratu ditu hitzaldian. "Nire aitaren zintzotasuna, errukia eta inteligentzia nigan eta nik familia eta herriarekin dudan maitasunean islatuta daude", esan du.

Amaren "zintzotasuna, errukia eta inteligentzia" bere bi alabengan islatuta ikusten zituela esan zuen Obamaren emazteak.

Diskurtsoa amaitu eta berehala etorri dira plagio salaketak sare sozialetan. Donald Trump hautagaiak, berriz, emaztearen lana goraipatu du: "Ohore bat izan da Melania nire emaztea aurkeztea. Bere diskurtsoa eta jokabidea izugarriak izan dira. Oso harro".

AEBko hedabide ia guztiek Michelle Obamaren hitzaldiarekin alderatu dute Melania Trumpena, eta bien arteko parekotasunak nabarmendu dituzte. CNN telebista-kateak "plagio" hitza erabili du hitzaldi horren berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Barack Obama bideoak Hauteskundeak AEB argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Trump gaur Albisteak Melania Trump