Mundua -
Nizako eraso terrorista
Nizako atentatugilearekin bat egin zuten 5 lagun espetxeratu dituzte
Nizako eraso terroristaren egilearekin harremanetan egon izana leporatu diete giltzapean sartu dituzten bost lagunei. Ikerketak frogatutzat eman du erasoa aurretik prestatu zutela.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako Fiskaltzak ohar baten bidez jakitera eman duenez, atzo atxilotu zituzten bost lagunak giltzapean sartu dituzte, Nizako atentatuaren ustezko egilearekin harremanetan egotea leporatuta. Erasoa joan den ostegunean, uztailaren 14an, izan zen, eta atentatuan 84 pertsona hil zituzten.
Eraso terrorista horretan parte hartzea eta, bereziki, Frantziako Poliziaren aurka eraso egin nahi izatea egotzi diete atxilotu dituzten hiru laguni.
Halaber, atxilotuetako batek Mohamed Bouhlel atentatuaren ustezko egileari arma bat eman ziola uste dute ikertzaileek. Gainera, albaniar bikote bati delitu bera egotzi diete, Nizako erasoaren egileak agenteei aurre egiteko erabili baitzuen arma hori.
Ildo horretatik, François Molins fiskalak honakoa esan zuen atzo: “Erasoa aurretik prestatu zutela erakutsi du ikerketak, eta atentatua prestatzeko orduan beste pertsona batzuen laguntza izan zuen egileak”.
Hala, egileak eta Mohamed Oualidek mezuak bidali zizkioten elkarri, fiskalaren esanetan, eta mezu horietan argi geratzen da euren izaera terrorista.